Rolei buruzko gogoeta egin asmoz Rolling Rolak ekimena jarri dute abian
GARA | BILBO
Pripublikarrak kolektiboak eta Nontzeberri kultur webguneak Rolling Rolak izeneko ekimena jarri dute abian, asmatzen diren eta ezarriak izan diren rolei buruzko gogoeta egiteko asmoz. «Maskulino/femenino, ar/eme, gizon/emakume bikote tradizionaletatik harago joan nahi dugu. Genero kontuekin harremanik ez duten argazkizaleak, eta harremana dutenak ere bai, bildu nahi ditugu ekimen honetan», azaldu dute antolatzaileek.
Hiru atal ditu Rolling Rolak: tematika guztiz zabala duen «Argazklik» on-line argazki lehiaketa; praktika feministei lotutako eta eragile sozialak zein kulturalak batzeko xedea duen «Camara Crossing» kateatutako hainbat argazki serie; eta praktika artistiko garaikideen bidez generoak aztertzea ahalbidetuko duen «Genero eta gorputz ekoizpenak» mintegi teorikoa.
Ekimen berri honek, era berean, alternatiba errealak edo ideal berriak ere agertu nahi ditu, hau da, maskulinitate eta femenitate berriak (baita betikoak ere) edo erdiko aukerak (asmatuak, amestuak edo nahiko zirenak). «Gure generoarekin jolastu, gure rolekin, irauli, beste aukera batzuk asmatu. Era berean, maskulino/femenino dena aurkitu nahi da, rolen inguruan dauden estereotipoak, mitoak, errealitateak edo gizon eta emakumeei dagozkien eskubideen arteko aldeak salatzeko», esan dute.
On-line lehiaketa
Aipatu «Argazklik» argazki lehiaketa on-line izango da www.argazklik.com webgunean. Lehiaketa tematikoa da, eta «ditugun, asmatzen ditugun eta ezarriak izan zaizkigun» rolei buruzko gogoeta egin nahi du. Hiru argazkiko serieak aurkeztu behar dira. Argazkiek zerikusia izan dezakete elkarrekin, narratibotasun bat bilatuz. Bost artista gonbidatu dira bidea erakusteko: Shu Lea Cheang, Carles Congost, Voodoo-EROS, Elssie Ansareo eta Julia Montilla. Lanak jasotzeko epea maiatzaren 21ean amaituko da.