GARA > Idatzia > Mundua

Villiers-le-Belen azaroan izan ziren istiluengatik 33 lagun atxilotu dituzte

Mila poliziek esku hartu zuten Villiers-le-Bel auzoan egin zen sarekadan. Hogeita harmanaka sartu ziren etxeetan eta guztira 33 pertsona atxilotu zituzten. Azaroan izan ziren istiluak leporatzen dizkiete. Operazioak kritikak jaso ditu, besteak beste, oso mediatikoa izan delako.

GARA |

Polizia frantsesak 33 pertsona atxilotu zituen atzo Villiers-le-Belen, Pariseko iparraldean, eta zonaldeko beste zenbait etxebizitza multzotan azaroan egon ziren istiluengatik. Goizaldeko seiak aldera hasi zen sarekada. Guztira, mila bat poliziek esku hartu zuten. Hogeita hamarnako taldeetan sartu ziren etxebizitzetan kaskoekin, ateak indarrez irekitzeko akuiluekin eta armak eskuetan zituztela. Bitartean, kalean bost bat polizia zain zeuden. Ordu horretara lanera zihoazen bizilagunak aho zabalik geratu ziren hainbeste polizia ikustean. «Film bat dirudi. Ikuskizunaren politika da», salatu zuen inguru horretan oinez zihoan gazte batek.

Pontoiseko fiskalak, Marie-Therese de Givryk, halako sarekadarik ez duela sekula ikusi onartu zuen. Dena den, erabilitako bideak egokitzat jo zituen. «Azaroan egon ziren gertaera istilutsuen tamainako sarekada izan da», adierazi zuen. «Oso sarekada polita eta arrakastatsua izan da», plazaratu zuen.

Royal, Bayrou eta Vaillant

Aldeko hitzak bai, baina kritika zorrotzak ere jaso zituen polizia operazioak. Izan ere, udal hauteskundeak baino hiru aste lehenago gertatu baita. Askoren aburuz, hauteskundeak gertu izateak eta, are gehiago, inkestetan Nicolas Sarkozy presidentearen etengabeko gainbeherak bultzatu ditu atxiloketa horiek.

PS alderdiko hautagai zen Segolene Royalek «Errepublikaren disfuntzio larria» salatu zuen. Era berean, sarekada hain mediatikoa izateko arrazoiak ikertzeko eskatu zion PSek Michele Alliot-Marie barne ministroari. Izan ere, hedabideek larunbatetik zuten sarekadaren berri. François Bayrouk, berriz, «justizia eta antzeztea desberdindu» behar direla adierazi zuen. Villiers-le-Beleko alkate Didier Vaillantek (PS) ezohikotzat jo zuen egoera. «Hedabideek lehenago jaso dute sarekadaren informazioa», gaitzetsi zuen.

De Givryrentzat, ordea, garrantzitsuena atxiloketak egin izana da, eta polemakarik ez sortzea eskatu zuen.

Iazko azaroaren 25etik 27era gazte eta polizien arteko liskar gogorrak egon ziren. Bi gazteren heriotza izan zen orduko protesten sorburu. Gazteek poliziaren motor batekin talka egin zuten. Senideek polizien jarrera gogor salatu eta ikerketa sakona eta independentea exijitu zuten. Villiers-le-Beleko alkateak eta inguruetako beste hainbatek ere bere egin zuten aldarrikapena.

Istiluetan ehunka kotxe, eraikin publiko batzuk eta liburutegi bat erre zituzten. Sarkozyk ohartarazi zuen, oihartzun handiko agerraldi batean, erantzun gogorra emango zutela.

polizia gehiago

Hiru urteren buruan Parisko kanpoaldeako auzoguneetara lau mila polizia bidali nahi ditu Sarkozyk. Ehun mila lagunei lana lortzen lagunduko diela ere gaineratu zuen. Bertako biztanleek pobretasuna, polizien jarduna, lan falta eta etxeen baldintzak salatu dituzte maiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo