Binakako Txapelketa
Asegarceko bikoteek lehia gogorra dute asteburuan
Bilboko enpresaren lau bikoteek finalerdietan sartzeko aukerak dituzte azken jardunaldiaren faltan
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Asegarceko lau bikoteak izango dira datorren asteburuan Binakako Txapelketaren protagonista nagusiak. Izan ere, Gonzalez-Barriola eta Titin-Laskurain finalerdietako ligaxkan izango direla argituta, beste bi txartelak norentzat izango diren jakitea bakarrik falta zaigu. Bilboko enpresarentzat izango direla gauza ziurra da, baina oraindik ez dago erabakita zein bikotek jokatuko duen hurrengo fasea.
Aukera gehien dituzten bikoteak Olaizola II-Zearra eta Bengoetxea VI-Patxi Ruiz dira. Launa partida irabazi dituzte, eta tanto koefizientea ere -egindakoen eta jasotakoen arteko aldea- positiboa dute. Horrek esan nahi duena da, azken jardunaldian garaipen bat lortzea nahikoa dutela finalerdietan sartzeko, beste inoren emaitzei begira egon beharrik gabe.
Oso bestelakoa da Koka-Begino eta Olaizola I-Beloki bikoen egoera. Bi horiek hiruna partida irabazi dituzte, eta aukeraren bat izateko nahitaez irabazi beharra daukate asteburuan. Gainera, eta garaipena eskuratu arren, besteen akatsaren zain egon beharko dute, eta oso gertutik jarraitu partida bakoitzaren azken emaitza.
Zenbakien dantza
Estatistika eta zenbakien dantza horretan, finalerdietan burua sartzeko aukera gehien duen bikotea Olaizola II.ak eta Zearrak -edo Mendizabal II.ak- osatzen dutena da. Orain artean +16ko koefiziente positiboa dute eta jada zereginik ez daukaten Xala eta Pascualen aurka jokatuko dute Labriten. Ezin da erabat ziurtatu, baina 10 bat tanto egitea nahikoa izan liteke lehen txartela eskuratzeko.
Bigarren txartela lortzeko borrokan, Bengoetxea VI-Ruiz eta Koka-Begino dira ongien kokatuta daudenak. Lehenengoek Gonzalez eta Barriola ahalguztidunen aurka jokatuko dute igandean Atanon, eta partida galduz gero arazoak izan ditzakete, +6ko koefizientea bakarrik pilatu baitute orain artean. Gainera, kontuan izan behar da Koka-Beginok Olazabal eta Lasaren aurka jokatzen dutela Tolosan, lehiaketako bikoterik ahulenaren aurka, eta orain arte daukaten -11ko tanteoa nabarmen hobetu dezaketela.
Azkenik, finalerdietan sartzeko oztopo gehien duen bikotea Olaizola I.ak eta Otxandorenak osatutakoa da. Bikote nafarrak Titin eta Laskurainen aurka jokatuko du ostiral gauean Covaledan, Sorian, eta alde handiarekin irabazi beharko lukete aukerarik izateko. Izan ere, orain arte -18ko balantze negatiboa dute tanteoari dagokionez, eta horri aurre egiteko 10 tanto baino askoz gehiago ezingo lituzkete jaso ostiralean.
Oinatzi proba, gaur
Eta azken jardunaldian jokatuko diren norgehiagoka horietan zeresan handia izan dezake Oinatz Bengoetxearen partaidetzak edota haren hutsuneak. Leitzako aurrelariak min hartu zuen larunbatean, eta gaur goizean egingo diote erresonantzia magnetikoa Tolosako La Asuncion klinikan. Nafarrak ezker dortsala minduta du eta ez dago batere argi igande honetan jokatzerik izango ote duen.
Lesioaren larritasuna gaur ezagutuko da zehatz-mehatz, baina azkenean igandean jokatzerik ez badu, finalerdietan sartzeko helburua dezente zailduko zaie haren ordezkoari eta Patxi Ruizi, batez ere, aurrean Gonzalez eta Barriola izango dituztelako. Gainera, kale egingo lukeen Asegarceko lehen aurrelaria litzateke eta ordezkoaren hautaketak ere izango luke bere interesa. Ismael Chafee izan liteke aukera, edo Iñigo Leitza.
Olaizola II-Zearra da aukera gehien dituen bikotea: lau garaipen eta +16ko tanteoa. Olaizola I-Otxandorenak, aldiz, zail du oso txartela eskuratzea: hiru garaipen eta -18ko tanteoa.