Aukera polita ala esker txarreko konpromisoa?
Asier AIESTARAN
Onartu beharra daukat Aspek Patxi Eugiren lekua Mikel Olazabali eskaini izanak sekulako ilusioa egin zidala hasiera batean. Sailkapenera begira jada presiorik gabe, aukera polita izan zitekeen gaztearentzat, goi-mailako aurkarien kontra, duen balioa erakusteko. Baina nafarrari tokatu zaizkion azken hiruzpalau neurketak ikusita enpresaren erabakia okerra izan dela esatera ausartuko nintzateke. Profesionaletan aurreneko urratsak ematen ari den gaztearentzat lehen mailako txapelketa batean parte hartzeak sari handi bat izan beharko luke, ilusioz beteta hasieratik bukaerara gozatzeko eta ikasteko erabili beharko lukeen hitzordu berezia. Baina Olazabalen aurpegiak ez du hori islatu azken asteotan. Atzean ez du inolako abantailarik jaso eta aukera polita izan zitekeena esker txarreko konpromiso bilakatu da: gozatu gutxi eta une txar asko pasarazi.