GARA > Idatzia > Errugbia

Liga Federala BEISBOLA

Donibane Lohizunek igoera fasea jokatzeko aukera du

Maulek ere bazuen horretarako aukerarik, baina ez zuenez irabazi, jaitsierako fasea jokatu beharko du, Nafarroak jokatu beharko duen bezalaxe

p050_f01.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Amaitu da Liga Federaleko Lehen Mailako lehen fasea, eta denboraldiaren hasieran iragartzen ziren emaitzak izan dira. Hala, Donibane Lohizunek Pro 2rako igoera fasea jokatuko du, eta Maulek eta Nafarroak, aldiz, mailari eusteko lehian aritu beharko dute.

Azkeneko jardunaldian Maulek bazuen igoera fasea jokatzeko aukerarik. Olorue hartzen zuen etxean, eta jendetza batu zen Marius Rodrigo zelaian. Hori irabazita Pro 2rako igoera fasea jokatuko zuen, eta hori latza izango zen Maule bezalako herri txiki batentzat, hiri handietako taldeen aurka ari baita, eta Liga Profesionalerako igoera fasea, jokatzea bakarrik ere, balentria handia izango zen. Ez da halakorik gertatuko, ordea, 15-15 berdindu baitzuen, eta mailari eusteko fasea jokatu beharko du.

Donibane Lohizunek derbia irabazi zuen Donibane Garazin Nafarroaren aurka, baina ia dena erabakita zegoen aurretik. Donibane Lohizunek igoera fasea jokatuko du, Nafarroak, aldiz, ez jaisteko lehian aritu beharko du, Mauleren multzo berean.

1.200 ikusle batu ziren Adolf Jauregi zelaian. Ez zen ezusterik izan, Donibane Lohizunek 8-34 eginda irabazi zuen norgehiagoka. Iturririak bi zigor-kolpe gauzatu zituen Nafarroarentzat, eta bat Zelanek. Donibane Lohizunerentzako, berriz, Haisagerrek, Rufatek eta Etxegaraik egin zituzten entseguak, eta Elizondok bi transformazio eta bost zigor-kolpe gauzatu zituen.

Hirugaren Mailan, berriz, errugbian oso gutxitan gertatzen den emaitza bat egin zen, Donapaleuren eta Larresororen arteko derbia 0-0 amaitu baitzen, eta errugbian hori ikustea ia ezinezkoa da.

Ohorezko B Maila

Ohorezko B Mailan amaitzear dago lehen fasea, eta ia dena erabakita dago. Gernikak, jadanik eskuratuta dauka Ohorezko Mailarako igoera fasea jokatzeko txartela. Bizkaitarrek sailkapeneko lehen taldearen zelaian galdu zuten (36-20).

Hernanik, aldiz, oso erraz irabazi zuen zerrendako azkenekoaren zelaian, Cornellan (0-63). Gipuzkoarrak jaun eta jabe izan ziren, eta emaitza horrekin, laugarren postua, behintzat, segurtatu egin dute.

Emaitzarik txarrena, berriz, Durangok izan du, 10 eta 17 galdu zuen etxean Complutenseren aurka. Bizkaitarrek ere, bosgarren postua ziurtatuta daukate, eta mailari eusteko ez dute inongo arazorik izango, dauden lekuan jarraituko dute.

I

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo