Waltarik eta Ezkurrak jokatuko dute datorren igandeko finala
J.L. | BAIONA
Azkenean Waltari izango da Berezkoen Buruz Buruko finala jokatuko duena. Kubatarra Ezkurra II.aren aurka neurtuko da datorren igande arratsaldean Baionan, Moderne trinketean.
Egoera korapilatsua agertu zaio Federazioari. Zaila da horrelako bat gertatzea, baina gerta zitekeenez, gertatu egin da. Konponbide errazik ez duen ondorioa da, zaila izango baita denak gustura uztea. B Multzoan, A multzoan bezalaxe, hiru pilotari berdinduta zeuden bi punturekin, baina A taldean gauzak garbi zeuden, eta hasieratik ikusi zen Ezkurra zela finalera sailkatuko zena.
B multzoan, aldiz, dena nahastuta geratu zen, eta herenegungo partidak jokatuta ere, ezin izan zen jakin finalista zein izango zen. Atzo eguerdian bilera egin zuen federazioak, eta han ikusi zen Waltari zela finala jokatu behar zuena. Egindako, eta jasotako puntuak hartu zituzten kontuan, baita elkarren arteko aldeak ere, eta hor Waltari agertzen zen garaile, eta Ozafrain bigarren. Hain zuzen ere, horrek hirugarren posturako lehian jokatuko du Etxetoren aurka.