GARA > Idatzia > Gutunak

Ane Lardi Enbil Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko kidea

Munduan libre bizi ahal izateko, «Egunkaria»

«Anamari Martinez Urreiztieta, «Egunkaria» ixteko operazioaren bezperan, otsailaren 19an, erosketak egitera jaitsi zen kalera, ohi duenez. Dirua ateratzera joan zen lehenik kutxa automatikora. Sartu du txartela. Ez dio onartu. Beste kutxa batean saiatu da, eta han ere ez. Hirugarren ezezkoan, kontua duen banketxera joan da. Leihatilako langileari txartelarekin arazoak dituela esan dionean, zuzendaria etorri eta gela batera pasarazi du: bere senar Martin Ugalderen diru kontu guztiak blokeatzeko auto bat jaso duela esan dio. Hitzik gabe geratu da Anamari. (...) Okindegian sartu orduko esan dio okinari dirurik ez duela-eta, ea zorretan uztea onartuko dion. Arazorik gabe egin ahal izan du erosketa. Biharamunean ulertu du dena, «Egunkaria» itxi dutela jakin duenean. Anamari azken hogeita zazpi urteetan Hondarribian bizi izan da, Franco hilez geroztik. Hirurogeita hamabi urte ditu, eta ardura nagusia senarra zaintzea du. Martin osasunez nahiko pattal dabil azkenaldian». Lorea Agirre, «Gezurra ari du» liburutik.

Hamaika aldiz leitu dut testu zati hau eta oraindik ere malkoek ez didate uzten testu osoa bukatzen. 72 urteko Anamari kutxazain batetik bestera imajinatzeak lehertu egiten nau... Bere delitu bakarra: euskalduna izatea.

Egunkaria itxi zutenean, epailearen autoetan euskararen alde egitea ETAren helburu estrategiko baten alde egitea dela zioen. Horren arabera, ez bakarrik Egunkariako 19 atxilotuak, edo historian zehar euskararen alde egiteagatik atxilotu dituztenak bakarrik, baita gerra aurretik «Zeruko Argia» irakurtzen zuten gure aitona-amonak, eta geroztik sortu diren euskarazko argitalpenen irakurle guztiak ere, baita euskarazko ipuinak irakurtzen dituen lau urteko haurra ere, ETAren alde dago. Izango al da Espainia guztian gu denok sartzeko adina espetxe?

Bere burua indartsutzat daukanak ahultasun krisiak izaten ditu tarteka, orduan bere balizko indar hori erakutsi behar izaten du eta horretarako izua erabiltzen du: egiten dena egiten dela eta pentsatzen dena pentsatzen dela, dena dago gaizki. Baina guk euskara ez dugu inor izutzeko erabili nahi, baizik eta elkarrekin komunikatzeko. Beraz, gure hizkuntzaren normalizazioaren alde lanean segituko dugu: eta horretarako ez bat, baizik eta hamar euskarazko egunkari behar ditugulako, gaur «Egunkaria» librearen alde egingo dugu, eta zuek ere hori bera egitera gonbidatzen zaituztegu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo