GARA > Idatzia > Ekonomia

Ezker abertzaleko hautagaiek BBK Euskal Herriaren beharretara egokitu nahi dute

GARA |

Bilbao Bizkaia Kutxa-ko gobernu organoetarako bezeroen ordezkariak hautatzeko hauteskundeak egingo dira hilaren 22an. Bertan parte hartuko duen ezker abertzaleko zerrendaren ardatzak izango dira, besteak beste, BBKren kudeaketa publikoa eta izaera soziala defendatzea, eta gobernu organoak demokratikoagoak bihurtzea.

Bilbon eginiko agerraldian esan zutenez, «ezker abertzaleko hautagai zerrenda osatzen dugunok, hautagai eta bezero bezala, asmo bera dugu: gobernu organoetan gure presentzia funtsezkoa izan dadila, eta BBK Euskal Herriaren beharrizanetara hurbiltzea, are gehiago orain, Kutxa eta Vitalekin bat egiteko asmoa dagoenean».

Sei barrutitan 46 titular eta beste horrenbeste ordezko aurkeztuko ditu zerrenda honek, kutxaren jardueran alde soziala eta demokratikoa nagusi izan dadin: kudeaketa publikoa eta izaera soziala defendatzen dute; euskara hizkuntza ofiziala izatea aldarrikatzen; inbertsioek produkzio sarea sendotzeko balioa izan dezatela, eta, aldi berean, lurraldeen garapen iraunkorra bultza dezatela eskatzen dute. Egun arazo larriak pairatzen dituen oinarrizko arloa indartzea lortzearren eskatu dute ezarleen botoa, baita ere garatu ahal izateko bigarren mailako sektorearentzako kreditu eta inbertsio politika egokia, eta kredituak enpresa ertain eta txikiei, gazteei eta emakume langabeei zabaltzeko, besteak beste, eta gaineratu zutenez, «BBK-k ez dezan enplegua suntsitu, eta izaera soziala galdu, gure kutxa banku bihurtu nahi duten sasijakintsu neoliberalei aurre egiteko». Adinekoentzako zerbitzuak eta gizarteko pertsona behartsuentzako babesa eskaintzearen alde daude halaber.

BBK-k, udalekin eta beste erakundeekin batera, alokatzeko etxebizitzak sustatzea nahi dutela ere adierazi zuten. Era berean, «direktibo-izarren gordeleku» izan ez dadin eta bezeroei «bidegabeki jasanarazten dizkiguten komisioak eta gastuak desagertzearen» alde ere egingo dutela lan gaineratu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo