GARA > Idatzia > Herri-kirolak

sokatira Mundiala

Bost euskal talde izango dira Italian

Abadiño, Berriozar, Ñapurrak, Baiona eta Badaiotz izango dira bihartik aurrera Faenzan lanean arituko diren euskal ordezkariak

p050_f01_250x140.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Zenbait urte nazioarteko lehiaketa ofizialetatik at egon ostean, berriro ere euskal taldeak Mundial batean ikusi ahal izango dira, hain zuzen ere, bihartik aurrera, Italian, goma gaineko Mundialean arituko baitira

Bost euskal talde izango dira Faenzan arituko direnak, eta Lapurdik izango ditu ordezkaririk gehien, Ñapurrak eta Baiona han izango baitira. Bizkaitik Abadiño joango da; Berriozar Nafarroatik; eta Badaiotz, Arabatik. Horiek izango dira, izan ere, emakumezko bakarrak.

Lapurtarrak ez gainerako beste taldeak klub mailakoan bakarrik arituko dira, baina bai Baiona bai Ñapurrak, klub mailan ez ezik, nazio mailan ere, Frantzia ordezkatuz arituko dira.

Nazioarteko Federazioan izandako aldaketek, euskaldunei ateak zabaldu dizkie berriro ere, oraindik nahi adina ez izan arren. Hau da, klub bezala parte hartu ahal izango dute, eta hor ez dute Frantziako edo Espainiako ikurrik erabili beharrik izango, eta dokumentu ofizialetan ere ez da aipatuko ez Espainiarik ez Frantziarik. Euskal Herria bezala, ordea ezin dira selekzioen lehiaketan aritu. Horregatik, Hego Euskal Herriko taldeak ez dira nazioartekoan arituko.

Ipar Euskal Herrikoak, ordea, nazioartekoan Frantzia ordezkatuz arituko dira: «Azkeneko lau urtetan ez gara aritu Mundial batean, eta kirol honek aurrera egin behar badu, eta tiralariak izan nahi baditugu, ez daukagu beste aukerarik. Euskal Herriak selekzioa bezala parte hartzea izango balu han arituko ginen, baina hori oraindik posible ez denez, Frantziaren izenean aritzeko erabakia onartu genuen», esan zuen Gabi Etxartek, Ñapurrak taldeko arduradunak.

Aukera onak

Bihar hasiko den Mundial honetarako, euskal taldeek aukera onak dituzte, batez ere Abadiñok mutiletan, eta Badaiotzek nesketan.

«Ilusioarekin gatoz, baina ezin dugu esan irabaziko dugunik. Begira zenbat euskal taldek lortu dituzten hemen urrezko dominak, baina guk ez dugu sekula lortu, nahiz eta zilarrezkoak eta brontzezkoak lortu ditugun. Beti zerbait izaten dugu lehiaketa honetan. Hala ere, aurtengorako itxaropen handiak ditugu», esan zuen Edu Mendizabalek, Abadiño taldeko kideak.

Aukerarik gehien, 600 kilotan ikusten dute: «Talde ona daukagu, eta pisu horretan ditugu itxaropenik gehien, eta saiatuko gara», erantsi zuen Edu Mendizabalek.

Badaiotzek ere nesketan dominak lortzeko aukerak ditu. 480 eta 520 kilotan, bi pisu horietan parte hartuko du. Mundialean izan zen azkeneko aldian, bietan urrea lortu zuen. «Nik uste dut 480 kilokoan dugula aukerarik gehien», esan zuen Jon Lapazaran, taldeko entrenatzaileak. «520koan ere arituko gara, baina 480ko pisu bera izango dugu. Hala ere, azkeneko aldiz aritu ginenean ere horrelaxe zen, eta bietan irabazi genuen», gaineratu zuen.

Ñapurrak taldea ere gogotsu doa eta helburuak zeintzuk izango diren ere garbi dituzte: «Guk lehen fasea gainditu nahi dugu. Hori lortuta, datorren guztia ongi hartuko dugu», esan zuen Gabi Etxartek.

Berriozar eta Baiona, aldiz, askoz ere talde apalagoak dira, eta horien helburua ahalik eta txukunen ibiltzea eta ikastea izango da, bi talde horientzat Italiakoa eskarmentua hartzeko ere baliogarria izango baita.

Faboritoak aipatzerakoan, euskaldunak hor sartu beharko dira, baina hauez gain, badirudi, Ingalaterrakoak, Eskoziakoak, Herbeheretakoak eta Japoniakoak izan daitezkeela besteak. Japoniarrak azkarrak dira, eta kontuz ibili beharko da haiekin.

Aukerak

Abadiño mutiletan, eta Badaiotz nesketan, dominak lortzeko aukerarik gehien duten euskal taldeak dira. Biek, pisuren batean edo bestean, urrea lortzea normala izango litzateke.

Selekzioak

Euskal Herriak ez dauka selekzio bezala parte hartzerik, eta selekzioen mailan Hego Euskal Herriko taldeek ez dute parte hartuko; Ñapurrak taldeak, eta Baionak, bai ordea, eta Frantziaren izenean tiratuko dute.

Kluben mailako txapelketarekin, bihar goizean goiz abiatuko da lehiaketa

Bihar goizean goiz abiatuko da Munduko Txapelketa, eta lehen bi egunetan, kluben mailakoa jokatuko da. Bihar 560, 520 eta 640 kilotakoak arituko dira. Hor arituko dira Abadiño, bi pisutan; Badaiotz, 520koan; Berriozar, 560koan; eta Ñapurrak, 640koan.

Etzi, berriz, 600 kilokoak, 480koak eta 680 kilotakoak neurtuko dira. Abadiño, Berriozar eta Ñapurrak 600 kilotan arituko dira. Ezpeletakoak, 680 kilotan ere neurtuko dira, eta Badaiotz 480koan arituko da.

Larunbatean eta igandean selekzioen mailakoak izango dira. Ñapurrak 600 eta 640 kilotan arituko da tiratzen, eta Baiona, berriz, 560 kilotan neurtuko da. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo