GARA > Idatzia > Mendia

eski alpinismoA Lasterketak

Taldekakoen agerraldi indartsua

Azken bi asteburuotan mendiko eskiko taldekako bi proba garrantzitsu jokatu dira Kataluniako Pirinioetan. Lehenbizikoa Andorran jokatu zen eta Munduko Kopako lehenengo lehia izan zen; eta bigarrena, Vall Fosca Irekia, Euskadi Koparako baliagarria izan da.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Nahiz eta banakako probak izan benetako protagonistak, binakako lasterketak goraldia izaten ari dira eski alpinismoko lasterketetan. Gure ingurumari honetan, bederen, lehiakide gehienek ez zieten behar adinako garrantzirik ematen, baina egoera hori irauli egin dela baiezta genezake. Bat etortzea edo, azken bi asteburuotan modalitate horretako goi mailako bi lasterketa jokatu dira; biak ala biak, gainera, Kataluniako Pirinioetan.

Lehenbizikoa, Munduko Kopako lehenengo lehia izan da. Hilaren 10ean Andorrako Font Blanc-Arcalisen jokatu zen. Zirkuitu horretan lehiatzen diren maila handiko eskiatzaileak bertaratu ziren, baina beste batzuek huts egin zuten. Hala ere, egungo espezialista gogorrenek argi asko erakutsi zuten sasoiko daudela.

Nesketan, adibidez, sei taldek soilik hartu zuten parte. Ez zuten kexatzeko arrazoirik; izan ere, eguraldia lagun izan zuten. Bero pixka bat egin zuen, baina, oro har, oso ona. Eta elurra egoera onean izan zuten. Ibilbideari dagokionez, bestalde, ederra. Teknikoa bezain alpetarra, bosna igoera eta jaitsierarekin. Eta, nola ez, irabazleak Francesca Martinelli eta Roberta Pedranzini italiarrak izan ziren 2:40:53 denborarekin. Haien atzetik Gabrielle Magnenat eta Marie Troilet frantziarrak sailkatu ziren ia bost minutura. Eta hirugarren postua Sophie Dusautoir andorratarrak eta Izaskun Zubizarretak erdietsi zuten; hori bai, irabazleengandik ia 15 minutura.

Euskal eskiatzaile bat Munduko Kopako podium batera igo den lehenengo aldia izan da, eta Zubizarretak lortu du hori. Hala ere, arestian aipatu dugun legez, sei taldek soilik hartu zuten parte, eta hiru FEDMEkoak ziren. Hala ere, merezimendurik kendu gabe, irabazleek talde honi ateratako aldeari begiratu behar zaio.

Mutiletan, bestalde, garaipena Manfred Reichegger eta Dennis Brunod italiarrentzat izan zen 2:05:24 denborarekin. Bigarrenak Willian Bon Mardion eta Gregory Gachet frantziarrak izan ziren bi minutu pasatxora. Lehenengo euskal taldea Joseba Ormazabal eta Iban Letamendirena izan zen. 20. postuan sailkatu ziren 2:43:45 denborarekin.

Joan den larunbatean, berriz, Pirinioetako binakako proba entzutetsuena jokatu zen: Vall Fosca Irekia. Lasterketa honek goi mailako nahiz lehiakide herrikoi askoren arreta jasotzen du. Eta izena eman zuten taldeak kontuan hartu besterik ez dugu: 166.

Vall Fosca arrakastatsua

Vall Fosca Irekiak duen oihartzuna dela-eta, EMFren mendiko eskiko sailari lehia hau «bereganatzea» otu zitzaion eta, horren ondorioz, Euskadiko Koparako baliagarria izan da. Ez zen, ordea, FEDMEk antolatzen duen Koparako baliagarria izan; hala eta guztiz ere, Estatu espainoleko espezialista onenak izan ziren irteera puntuan. Eta hori argi eta garbi nabaritu zen ikuskizunean.

Antizikloi egonkorrari esker, eguraldiak bat egin zuen eskiatzaileen gogoarekin: zeru urdina, eguzkia goian, hotz handirik ez eta kalitate handiko elur hautsa. Ibilbidea, berriz, teknikoa bezain alpetarra. Lehiakideek 1.800 metroko goranzko zein 1.400 beheranzko desnibelei egin behar izan zieten aurre. Kanalak eta korridoreak gainditu behar izan zituztenez, antolatzaileek soka finkoak jarri zituzten hainbat zatitan segurtasuna bermatzeko.

166 talde eta oso pronostiko irekiak. Alabaina, faborito nagusiek ez zuten hutsik egin. Nesketan, adibidez, Izaskun Zubizarretak Mireia Miro katalanarekin osatu zuen taldea; hots, ziur aski egungo talde indartsuena. Aise irabazi zuten 2:40:02 denborarekin. Bigarren taldeari, Emma Roca eta Cristina Besek osatutakoari, ia sei minutu atera zizkioten. Hirugarrena Valerie Lafitte eta Ariadna Tudelen taldea izan zen 3:14:42 denborarekin.

Mutiletan, Javier Martin madrildarra eta Kilian Jornet katalana aise gailendu ziren. 2:09:22 denbora egin zuten, eta ia hiru minutura iritsi zen bigarren talde sailkatua; hau da, Joan Maria Vendrell eta Daniel Leonen taldea. Joseba Ormazabal tolosarra Wilfrid Jumene madrildarrarekin lehiatu zen eta seigarrenak izan ziren 2:23:36 denborarekin. Xabier Urkizu eta Joseba Tobarrek osatutako taldea hamabosgarrena izan zen.

Beteranoen mailan, Fernando Navarro eta Carlos Herraez aragoiarren taldea izan zen lehenengoa 2:36:19 denborarekin. Eta bigarrena euskal talde bat, Andoni Areizagak eta Angel Zabalzak osatutakoa. Hauek 2:51:48 denbora egin zuten. Sailkapenekin amaitzeko, talde mistoei dagokienez, lehenengo euskal herritarrak Ana eta Antxon Bernal anai-arrebak izan ziren; bosgarren postuan sailkatu ziren.

 
font blanc-arcalis

Andorrako zirkuitura maila handiko eskiatzaileak bertaratu ziren, baina beste batzuek huts egin zuten. Hala ere, egungo espezialista gogorrenek argi asko erakutsi zuten sasoiko daudela

vall fosca

Inolako zalantzarik gabe, Vall Fosca Irekia lasterketak goi mailako nahiz lehiakide herrikoi askoren arreta jasotzen du. Eta izena eman zuten taldeen kopurua kontuan hartu besterik ez dugu: guztira 166

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo