«Egunkaria»ren itxieraren urtemuga dela-eta, mila elkartasun keinu
Bost urte dira gaur «Euskaldunon Egunkaria» itxi zutela. Guardia zibilak Andoaingo Martin Ugalde kultur parkera sartu ziren eta makina bat langile atxilotu zuten. Urriaren 16an bertze operazio bat izan zen eta bertze hainbat lagun hartu zuten gatibu. Egunkaria ez ezik, parkea kudeatzen duen enpresa eta inguruko enpresa batzuk ere ukitu zituzten. Bost urte luze joan dira ordutik, baina epaiketen esperoan daude oraindik hamabi auzipetuak.
GARA |
«Euskaldunon Egunkaria»ren itxieraren bosgarren urteurrena da gaur, eta ekitaldiak prestatu dituzte hiriburu eta herrietan Auzitegi Nazional espainolaren erabaki hura salatzeko eta indarrean jarri zituen ekinbide judizial guztiak bertan behera uzteko eskatzeko. Euskal Herritik kanpo ere izanen da egunkariko langileenganako elkartasun keinurik; Katalunian, adibidez.
Martin Ugalde kultur parkean izanen da elkarretaratze nagusia, 11.30ean hasita, eta alderdi politikoak, sindikatuak, gizarte eragileak eta herritarrak bertaratzera animatu ditu Egunkariaren Alde Elkarteak, guztien artean «gehiegikerien katea» gelditzeko. Iñaki Uria auzipetuak erran bezala, beharrezkoa da komunikabidearen itxieran hain garrantzitsuak izan ziren batzordeak epaiketak iristerako berriz ere indartzea.
Bi prozedura daude: egunkariaren itxiera ekarri zuen sumario nagusia da lehena, eta auzi ekonomikoa, bigarrena. Bi epaiketetan epaituko dituzte auzipetuak. Zazpi akusatu lehenengoan eta zortzi bigarrenean. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi bietan epaituko dituzte.
Baita Bartzelonan ere
Polizia operazioa eta auzibidea gaitzesteko ekitaldiz josiko dira hiriburu eta herriak. Baionan, eguerdiko hamabietan kontsuletxe espainiarraren aitzinean elkartzera deitu dituzte komunikabideetako langileak eta herritarrak; Bilboko udaletxearen aurrean argazkia egingo dute arratsaldeko zazpi eta erdietan; eta elkarretaratzea izanen da zazpietan Iruñeko Gaztelu Plazan.
Uriak nabarmendu duenez, «Egunkaria» itxi eta laster izan zen manifestazio erraldoiak bertze operazio batzuk geldiarazteko balio izan zuen. Geroztik ere atxikimendu anitz jaso dute epaiketak bertan behera utzi eta kasua artxiba dezatela eskatzeko. Katalunian anitz izan dira hasiera-hasieratik auzipetuei sostengua adierazi dietenak, zuzendariorde, zuzendari eta kontseilari ordezkari izandako zarauztarraren hitzetan, neurri handian arrisku gisa hartu zutelako eta «Egunkaria» lagunduz, beraiena defendatzeko modua ikusi zutelako.
Gaur Bartzelonako Sant Jaume plazan bilduko dira, eta «No oblidem. 5 anys sense Egunkaria. No al judici» leloa aldarrikatuko dute (Ez dugu ahaztuko. 5 urte «Egunkaria»-rik gabe. Epaiketarik ez).
Euskal Herriko ekitaldiek «Egunkaria libre!» lema izanen dute. Elkarretaratzeak prestatu dituzte leku askotan eta bestelako ekintzak bertze hainbat tokitan. Azpeitin Jose Mari Elosua egunkariko abokatuak auziaren gaineko hitzaldia emanen du, eta Oiartzunen «Egunkaria» irakurtzeko gonbidapena eginen dute «Egunkaria libre. Euskalgintza aurrera» leloarekin.
Ostiralean bertso afaria izanen da Donostian; txokolate jana, Getarian; eta txorizo jana eta bideo zein musika saioa, Zestoan. Larunbatean kartelak eskegiko dira Bermeon eta bertsotranpekin gozatzen ahalko da Zestoan.
Egunkariaren Aldeko Elkarteak proposamen bat egin die webgune euskaldunei: elkartasun ekintza bezala gaur egun osoz pantaila-irudi edo banner bat sartzera animatu ditu. Gune ugarik egin du bat ekimenarekin. Sustatu albistegiak banner-a egiteko materiala eskura paratu du, eta Zabaldu.com-en ere horren berri ematen da. Bestalde, «Egunkaria auzia»-ren gaineko berriak jasotzeko eta emateko www.egunkaria.info helbidea jarri dute abian, eta bertan kontsulta daiteke herriz herri zer ekitaldi prestatu diren. Gaiarekin lotutako argazkiak eta informazioa eskura daiteke, hala nola: polizia operazioari buruz, tortura salaketei, espetxeratuei, epaiketei eta zigor eskaerei buruz...