GARA > Idatzia > Ekonomia

Ipar Euskal Herriko enpresarien ustez, aurten hazkundea txikiagoa izango da

Merkataritza eta Industria Ganberako arduradunek jakinarazi dutenez, Lapurdi, Nafarroa Behereko eta Zuberoako enpresarien artean kezka sumatu dute, aurtengo hazkundea txikiagoa izango delako ustean. Iazko emaitzek, ordea, oro har, «onak» izan direla dio MIGek.

p035_f01_97x144.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Jarduera ekonomikoaren esparru gehienetako enpresariek «kezka» azaldu dute aurten izan ditzaketen emaitzei buruz. Bost adierazletan oinarrituta (fakturazioa, errentagarritasuna, inbertsioak, langileak kontratatzeko asmoak eta etorkizunarekiko konfiantza) Merkataritza eta Industria Ganberako (MIG) arduradunek urtean birritan egin ohi duten inkestan kezka hori nabaria da.

Peio Olhagaray Garapen Ekonomikoaren zuzendariak, halere, ñabardura egin zuen: «Enpresaburuak iaz baino arduratuago daude oro har. Etorkizunean uste ona dutenen kopurua %40tik %20 izatera jaitsi da aurten baina, egiaz, gainerako adierazleak positiboak dira horiek ere zertxobait behera egin duten arren».

Arrazoiak aztertu ez badituzte ere, Bernard Darretche MIGeko zuzendariaren iritziz, «giro orokorraren kutsadura» izan daiteke: «Enpresariek gizartean dauden kezkak ere bizi dituzte. Horri gehitzen bazaio nazioarteko krisialdia eta, batez ere, AEBetan azken hilabeteotan gertatutakoa, normala da inpresio hori izatea. Nik ez nioke berebiziko garrantzirik emango, errealitatea, berez, aski ona delako».

Turismoa, ezkorrena

Turismoaren alorreko enpresek agertu dute kezkarik gehien. Aurten izango dituzten emaitzei begira, %43 ezkor dira, eta iaz, ordea, %22 ziren. Esparru ekonomiko honen «lehiakortasuna» dela-eta Jean-Marie Berckmans MIGeko presidenteak kezka azaldu zuen: «Kontuan izan behar da herritarren eroste ahalmenaren bilakaerak zerikusi izugarria duela esparru honetan. Horrez gain, Euskal Herriko turismo eskaintza nahiko garestia denez, elkarlehia jasaten ari da; eta askok, prezio bertsuan kanporako joera hartzen dute».

Hala eta guztiz ere, Biarrizko aireportuan Europako hainbat herrialdetarako linea berrien ezarpenak «beste turismo mota erakarriko» duela, eta «jarduera orekatzeko baliagarria» izanen dela uste du Berckmansek.

Zerbitzuetan eta merkataritzan ere errentagarritasun gutxiago espero dute, baina ez dira horren ezkor geroari begira. Industrian eta eraikuntzan, berriz, zuhurtasuna da nagusi, baina lanpostuak sortu edo bere horretan geratuko direla uste dute.

Iazko datuei so, Berckmansek adierazi zuen «orokorki onak» izan direla. Horren lekuko lirateke, itxi eta ireki diren enpresen saldo positiboa -batik bat industrian eta zerbitzuetan-, edota langabeziaren tasan izandako beherakada: «Hemen %7,1koa izan zen iaz, Estatukoa (%8) eta Akitaniakoa (%7,8) baino txikiagoa» esan zuen.

«Joera baikorrak»

Hainbat zerbitzu handien «joera baikorra» ere nabarmendu zuen, hala nola portuan izandako gaien trafikoaren kopurua (ia 4,4 milioi tona), lantegietara bideraturiko lokalen hazkuntza (industria erabilerakoak izan dira gehien hazi direnak, + %43,80) eta Biarrizko aireportuan izandako joan-etorriak (ia milioi bat) .

Hegazkin enpresa gehiagok lineak jartzea onuragarria izan da MIGen ustez baina Air France konpainiak Paris-Roissy aireporturako lotura kendu izana «deitoratu» zuen Berckmansek, Asia eta Amerikako nazioarteko lineekin konexioa galdu delako.

LANGABEZIA

Estatukoa eta Akitaniakoa baino tasa txikiagoa izan zuen Ipar Euskal Herriko langabeziak 2007an. Lehenean, %8koa izan zen; bigarrenean, %7,8koa eta, hirugarrenean, %7,1era iritsi zen MIGen datuen arabera.

RMI

RMI (laneratzeko diru-sarrera minimoa) jasotzen dutenen kopurua %10,20 jaitsi da 2006ko irailetik 2007ko irailera. 4.305 pertsonak zuten orduan laguntza hori Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan.

15 ENPRESA

Iaz MIGek lagunduta instalaturiko 15 enpresa berrik 165 lanpostu sortu zituzten. Horietatik 6 enpresa lerrotze kiroleko esparrukoak izan ziren (67 lanpostu). Enpresa berri gehienak BAB inguruan kokatu dira.

Industria proiektuak «indarbiziz sostengatzera» dei egin du MIGeko lehendakari Berckmansek

Berckmansek poza agertu zuen industria erabilerako lokalak 23.500 metro kuadroko azalera betetzera heltzeagatik eta, bide batez, gogorarazi zuen «Euskal Herriak duen produkzio jardueraren beharra, bai lanpostu kualifikatuak eta balio erantsia sortzeko, bai beste esparru ekonomikoen, garapena bultzatzeko, zerbitzuena edota merkataritzakoa, esaterako».

MIGeko presidenteak dei berezia egin zion «biztanleriari eta hautetsi orori» industria instalazioen proiektuak «indarbiziz» sostengatzeko, «ekonomikoki zein sozialki eskualde eraginkorrenak, jarduera produktiboa dutenak» direlako.

2007an 15 enpresa berrien instalazioan lagundu du MIGek, eta horiek 165 lanpostu sortu dituzte. Arberatzen JEZ enpresak jarriko duen lantegiaren (80 lanpostu) proiektua ere Euskal Herriko garapenerako zein lurralde antolaketarako berri ontzat» eman zuen Berckmansek. Alta, berrikitan Bokaleko auzapezak egindako iragarpenaz galdetuta, -800 lanpostu sortuko lituzkeen merkataritza gune erraldoiaren instalazioa-, eszeptiko azaldu zen. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo