«Ezin ditugu EAE-ANVren zinegotziak legeztatu»
Alkate kargua iazko ekainean hartu zuen, nahiz eta EAE-ANVren adostasunik gabe egin. Orain, zortzi hilabeteren buruan, bosgarren zinegotzia hartu du Aralarrek. Aierbek udaletxean bertan azaldu dizkio GARAri erabaki horren nondik norakoak.
Bosgarren zinegotzi bat hartu duzue. Horrek ez al du hitzarturikoa hautsi?
Behartuta egon garelako hartu dugu erabakia, ez horrela nahi genuelako. Hala egitea ere ez genuen nahi. Proposamen zehatz bat aurrera ateratzeko hartu dugu. Horretarako bakarrik. Gehiengoa behar duen erabaki bat hartzeko.
Baina ez al zen orokorragoa EAE-ANVk aurkeztutako proposamena?
Puntu horiek, ordea, gero jarri zituzten.
Eta ez al zegoen beste modu batera egiterik? Azken batean, herrian, tentsioa sortuko duen erabakia izan da.
Tentsioa, adostutako agertokia hankaz gora geratu zenean sortu zen, orain bi hilabete. Ordutik, harrapatuta egon gara. Ehun etxebizitzatarako proiektua herriaren onurarako zela ikusten genuen eta ez dugu beste aukerarik izan.
Hauteskundeak baino lehen, irabazi ezean, Alkatetzarik ez zenutela hartuko esan zenuten. Gero hartu egin zenuten. Ondoren bosgarren zinegotzirik ez zenutela hartuko esan zenuten, eta orain hori ere hartu egin duzue.
Bai. Behartuta ikusi baitugu geure burua, konponbidera ez ginelako iristen eta denbora aurrera zihoan. Gure ustez, EAEk nahiago izan du joko politikoan aritu arazoei irtenbideak eman baino.
Baloratu al zenuten erabakiak zer ondorio ekar zezakeen?
Jakitun ginen ez zuela batere lagunduko herriko giroa txukuntzen, baina, hala ere, lehentasuna proiektu hori aurrera ateratzean jarri genuen.
Eta hemendik aurrera, zer?
Orain arte izan dugun egoera bera: lau eta lau. Ostirala baino lehenagoko egoerara itzultzea izango da asmoa.
Baina ezin al zitekeen bosgarren zinegotzi hori bien artean adostua izan eta proiektua horrela atera aurrera?
Beti esan dugu Alderdien Legearen aurka gaudela, eta gure esku dagoen guztia egin dugula uste dut. Guk ezin ditugu legeztatu. LOREG aplikatuz gero, Udala ere galtzeko aukera baitago. Gainera ez dago inolako esperientziarik LOREGen aplikazioaz. Horretara iritsi gabe beste irtenbide egokiagoak aztertu ditugu. Guretzat legalak dira.
Zuen bosgarren zinegotzia hor geldituko da?
Bai. Kargua hartuta dago, baina ez dugu erabiliko. Bosgarren horrekin ez dugu ezer onartuko EAE ados ez badago.