GARA > Idatzia > Kultura

Antzerki Zirkuituak eskaintza zabalagoa izango du aurten

Bilboko 28 antzerki talde amateurrek, iaz baino hamabi gehiagok, hartuko dute parte aurtengo Antzerki Zirkuituan. Bertoko taldeen jarduera sustatzeko ekimen honen 8. edizioan denetariko antzerkia ikusteko aukera izango da eta, lehenengo aldiz, dantza garaikidea ere bai. Bilboko Udalak antolatuta, auzo etxeetan zehar osatuko dute zirkuitua. «Auzoetara hurbildu nahi dugu antzerkia», azaldu zuten arduradunek. Otsailaren 21ean, lehenengo ikuskizuna.

p060_f01_148x112.jpg

Marta MORALES | BILBO

Antzerki Zirkuitua handitzen ari da urtetik urtera. Aurten, 28 konpainia amateurrek hartuko dute parte (iaz 16 bakarrik izan ziren) Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen ekimen honetan. «Talde hauek gure laguntza behar dute eta, diru laguntzak beti eskertzen badira ere, taula gainean aritzea da gehien interesatzen zaiena», adierazi zuen Justo Ezenarro Kultura arloko zuzendariordeak, aurkezpenean.

Hortaz, emanaldi kopurua ere handitu egin da, 25etik 29ra. Programazioak sei hilabete iraungo du, bina hilabeteko hiru programatan banatuta: otsaila eta martxoa, apirila eta maiatza, eta urria eta azaroa. Eskaintzan «denetariko» antzerkia dagoela azaldu zuen Ezenarrok, besteak beste, genero antzerkia, testu antzerkia eta dramatizatutako irakurketak. Gainera, lehenengo aldiz, dantza garaikidea ikusteko aukera ere izango da.

Emanaldi gehiago egotearekin batera, agertoki kopuruak ere gora egin du. Ohiko Deustu, Otxarkoaga, Begoña, Bidarte, San Frantzisko eta Abandoko auzo etxeez gain, San Inazio eta Errekaldeko zentroetan ere izango da antzerki talde amateurren lanak ikusteko aukera. Antzerki Zirkuituaren arduradun Fernando Perezek, atzoko prentsaurrekoan berritasun honen garrantzia nabarmendu zuen. «Normalean antzerkia ikustera joaten ez diren pertsonak joaten dira emanaldi horietara; antzerkia auzoetara hurbiltzen dugun heinean, jendeak ohitura onak hartzen ditu, adibidez, isilik egoten dira, sakelako telefonoa itzaltzen dute... eta ezin ahaztu gainera, oso onak diren proposamenez gozatzeko aukera aparta dela, jakina».

Ekimen honi bultzada on bat eman nahian, 8. edizio honetarako aurrekontua 60.000 eurokoa izan da, iazkorako 37.000 euroak baino %60 gehiago, hain zuzen ere. «Bertako talentuei sostengua ematea da ekimen honen helburua eta, ildo honetatik, parte hartzen duten konpainia guztiei lokalak, publizitatea eta muntaiak finantzatzeko konpentsazio ekonomiko bat eskaintzen diogu», azaldu zuen Ezenarrok.

Sarrera, doakoa

Antzerki-emaldi guztiak doakoak izango dira aurten ere eta, antzezlanen bat ikusi nahi duenak auzo etxe bakoitzean dagokion sarrera-gonbidapena jaso besterik ez du egin behar. Emanaldi guztiak 19.30ean hasiko dira eta, emanaldiaren eguna, berriz, asteazkena, osteguna edo ostirala izan daiteke. Lehenengo emanaldiak otsailaren 21ean izango dira. Periplo Teatro taldeak «La ciudad sitiada» antzeztuko du San Frantziskoko kultur etxean eta Begoñakoan, berriz, «La trouppe de Mercedes» egongo da ikusgai, Burbujas taldearen eskutik.

Gainera, otsailean eta martxoan ondoko lanak eskainiko dituzte: Beatriz Gazquezaren «Autorretratos»; Luna Llena taldeko «Tejas Verdes»; ¡Katastrofen!-en «Cuatro razones de Jenny Monzón para ser Jenny Monzón»; Totum Teatroko «Mudando 2007-2008» eta «Gallinas volar» Y la casa sin barrer taldearen eskutik. Talde bakoitza gutxienez bi eszenatokitan arituko da.

Datozen hilabeteetako programazioa oraindik zehaztu barik dagoela aurreratu zuen Fernando Perez ekimen honen arduradunak.

Emandako datuen arabera, Antzerki Zirkuituak 1.700 ikusle inguru bildu zituen 2007ko edizioan eta, 2001ean abian jarri zenetik, 16.000 ikusle erakarri ditu. Gainera, azken zazpi urteotan, ehun ikuskizun baino gehiago taularatu ditu talde amateurren eskutik eta, guztira, 150 funtzio baino gehiago eskaini dituzte.

SAKELAKOA ITZALITA

Antzerki Zirkuituaren arduradunek esan zuten antzerkia ikusteko ohiturarik ez dutenak ere hurbiltzen direla auzoetako deialdietara, eta, horren bidez, ohitura onak hartzen dituztela, «adibidez, isilik egotea edo sakelako telefonoa itzaltzea».

«Lan oso interesgarriak ikusteko aukera izango da»

Bilboko antzerki taldeen ordezkari eta ¡Katastrofen! antzerki taldeko kide Leire Olaran oso pozik dago Antzerki Zirkuituarekin, Udalak beren lanak antzezteaz gain, probasaioak egiteko ere «erraztasun ugari» eskaintzen baitizkie.

Hala ere, ez du inola ere uste ekimen honetan talde amateurrak edo semiprofesional soilik aritzen direnik. «Guk profesionaltzat dugu geure burua. Guk egiten dugu lan guztia: eszenografia, jantziak, testua, antzeztea... horrexegatik, zirkuitu hau guretzat konpainia moduan aritzea da», azaldu zion GARAri, atzoko prentsaurrekoan udal ordezkariekin batera parte hartu ostean.

Hortaz, antzerkizale eta auzokide guztiei antzezlanak ikustera joateko deia luzatu zien. «Lan oso interesgarriak ikusteko aukera izango da, guztiak originalak eta formatu txikikoak. Euskaraz eta gaztelaniaz egongo dira, eta edukiak ere oso ezberdinak izango dira», nabarmendu zuen. «Ekitaldia Arriaga Antzokian edo Euskalduna Jauregian ez izateak ez du esan nahi lanak onak ez direnik, oso ezagunak ez direla baino ez du esan nahi», gaineratu zuen. M.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo