GARA > Idatzia > Ikusmira

Zazpigarren sarekada zortzi hilabetean

Atzo Gasteizen izandako atxiloketak azken zortzi hilabeteetako zazpigarren sarekadaren parte dira -Perez Rubalcabaren arabera seigarrena, joan den irailean Nafarroa Beherean izandakoa ez baitu horien artean zenbatzen-, eta aurreko guztietan bezala, zenbait ezaugarri nabarmendu dira sarekada honetan ere: une politiko aproposa, oihartzun mediatikoa -atzoko atxiloketen tokietan hainbat hedabide izan ziren-, eta atxilotuei leporatu dizkieten kargu ugariak. Euskal Herri osoan izan diren sarekada horietako lehena Gasteizen izan zen, hain zuzen ere, joan den uztailean, eta orduan ere Barne ministerioak argitu gabeko kale eraso guztiak leporatu zizkien atxilotuei, operazio oso garrantzitsu gisa aurkeztuta, eta hiri horretako «kale borroka» desartikulatuta zegoela esanda. Zortzi hilabetean 60tik gora gazte atxilotu dituzte horrelako «operazio garrantzitsuetan» eta, atxiloketen berri, modu arranditsuan jakinarazi badute ere, haien emaitzek -aske geratutako gazteek, esaterako- ez dute hedabideen arreta handirik merezi izan, are gutxiago ministroaren agerraldirik eragin. Barne ministroaren arabera, atzokoa «ez da azkena izango» eta estrategia polizial eta judizial horrek segida izango du. Badirudi hala izango dela; hala ere, estrategia horrek, poliziak eta epaileak ezinbesteko tresnak dituen operazioak, politikoa den itxura guztia du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo