«Orain arte jokatu dudan moduan jokatzen ahaleginduko naiz»
PILOTARIA
Agusti Waltari primeran egokitu da Euskal Herrira eta bertoko ohituretara. Amerikarrak dio hemen Kuban bezala sentitzen dela, eta pozez gainezka dagoela aipatu du. Bi urte daramatza profesional mailan, eta, jada, lehiaketa anitz irabazi ditu. Etzi, Buruz Buruko lehen finala jokatuko du egungo txapeldunaren aurka, Paxkal Ezkurraren aurka, aukera horren aurrean ilusioz betetzen du.
Jon LEUNDA |
Agusti Waltari itxaropentsu eta gogoz dago etzi arratsaldean jokatuko duen Buruz Buruko finalerako. Berak garaipena erdietsiko balu, euskalduna ez den lehen pilotaria izango da txapel hori janzten, eta hori berarentzat ohorea baino gehiago dela onartzen du.
Zer moduz zaude finalaren atarian?
Oso ongi. Itxaropen handia dut, eta ilusioa, berriz, sekulakoa. Honelako final bat jokatzea plazera izaten da, beraz, ahaleginduko naiz irabazten.
Egungo txapelduna izango duzu aurrean. Partida zaila, ezta?
Bai, dudarik gabe. Paxkal pilotari handia da, azken urte hauetan hor dabil finalak jokatzen eta irabazten, eta hori ez da kasualitatez egiten. Neuk ere baditut, ordea, neure aukerak, eta horiek baliatzen saiatuko naiz.
Normalean txapelketako partida guztiak jokatuta inor gutxi heltzen da finalera, baina zu heldu zara. Zer nolako balorazioa egingo zenuke?
Txapelketan jokatzen nuen lehen aldia zen, eta horregatik lehen kanporaketatik hasi behar izan nuen. Horrenbeste partida jokatuta finalera heltzea ez da erraza izaten, baina nik lortu dut. Partida bakarra galdu dut, eta, oro har, egin dudan jokoarekin gustura nago. Helburua finala jokatzea zen, eta hor nago.
Finalerdietako ligaxkako lehen partida Ozafrainekin galdu zenuen, eta haren menpe geratu zinen. Espero al zenuen berak huts egiterik?
Beti izaten da itxaropena, baina berak huts egiteak bakarrik ez zuen balio, neuk ere nire lana ongi bete behar bainuen. Bigarren jardunaldian biok irabazi genuen, eta azkenekoan berak galdu, eta nik, aurkaria, hogei kintzetik behera utzi behar nuen. Nik nirea egin nuen, eta Kurutxarik ere bai, Ozafraini irabaziz, eta hemen naiz.
Ez, agian zertxobait alda dezaket, baina asko ez. Niri tantoa azkar amaitzea gustatzen zait, eta ahal badut hori egingo dut, betiko moduan, alegia.
Sakearekin ere min handia egiten duzu. Horretan ongi aritzea ere ezinbestekoa duzu ezta?
Bai, bai, dudarik gabe. Lehen jokaldiarekin tanto asko egin ditut orain arte, eta finalean ere bide beretik jarraitzen badut, asko izango dut irabazteko.
Finala irabazten baduzu, euskalduna ez den lehen pilotaria izango zara hori egiten. Ohorea izango da zuretzat ezta?
Ohorea baino gehiago esango nuke. Hemen daude munduko pilotaririk onenak, hemen daude profesionalak, eta ni Kubatik etorri, eta denei aurrea hartzen badiet, sekulakoa izango da.
Jadanik urte pare batez bizi izan zara Euskal Herrian. Ohitu al zara?
Bai, eta egia esan, Kuban bezala sentitzen naiz hemen. Niretzat amets bat da hemen jokatzea. Badakizu profesionalak, onenak, Euskal Herrian daudela, eta beti amesti amestu izan dut haiekin jokatzean. Pilotan jokatzeko baliabideak ere, beste inon ez bezalakoak daude hemen. Gauzak ongi doazkit.