«Axeri boda» ikuskizun berria estreinatuko du Urbeltzek Bilbon
Juan Antonio Urbeltzek Arriaga Antzokia aukeratu du «Axeri boda» ikuskizun berriaren lehen emanaldia egiteko. Ikerketa lan sakon baten ondoren sortutako muntaia da, bai Euskal Herrian bai Japonian erroturiko sinesmen zahar batean oinarritua; alegia, euria eta eguzkiak bat egiten dutenean «axeri boda» egon ohi dela dioena.
Izaskun LABEAGA | BILBO
«Eguzkia eta euria, Erromako zubia» dio esaera zaharrak. Ortzadarra gure zeruetan agertzen den egun horietan azeriak ezkondu egiten dira, beste euskal atsotiz baten esanetan: «Euri eta eguzki, azeriaren ezteiak».
Akira Kurosawaren «Konna. yume wo mita» edo ``Drems» filmetako lehen ipuinak ere metafora bera aipatzen du: «Kitsune no yome-iri» esaten diote japonieraz. Zinta hori eguzkia eta euria tartekatzen dituen eguraldi nahasiarekin hasten da, eta protagonistak semeari esaten dio azeriak orduan ezkontzen direla eta hori dela haientzat estaltzeko unerik aproposena.
Bi kulturek, eta agian gehiagok ere, metafora bera erabiltzen zutela ezagutzearekin batera piztu zen euskal antropolo- goarengan proiektu berri bati ekiteko grina. ``Cromlech vasco y zorro japonés. De Jorge de Oteiza a Akira Kurosawa'' izan zuen lehen izenburua.
Badira egon irudimenezko azeri horiei buruzko ikuspegi desberdinak. Euskal Herriaren kasuan, Beterri inguruan -Hernanin, Adunan edo Andoainen- gaur arte iraun dute tradizio horiek, inauteri edo Sanjuanekin lotuta.
Etzi estreinatuko duen ikuskizunean 41 dantzarik parte hartuko dute. Argia konpainiakoez gain, Eibarko Kezka eta Elgoibarko Haritz dantza taldekoak ikusiko ditugu taula gainean, baita Iruñeko Duguna-ko dantzariak ere. Zuzeneko musika entzungo da, dozena bat musikariren eskutik. Soinua, panderoa, atabala, biolina, dultzaina eta Veracruzko arpa joko dituzte. Euskal Herriko errepertoriotik jasotako melodiak aukeratu dituzte. Musikarien artean dira Mikel eta Maider Urbeltz, zuzendariaren semea eta alaba, baita haren emazte Marian Arregi ere.
«`Axeri boda' ez da revival bat, barnera begirada bat da», esan zuen ikuskizunaren zuzendariak atzoko aurkezpen ekitaldian. Muntaia hainbat atalez osatuta dago. Laguntzaile talde zabala izan du Urbeltzek pausoak zehazteko, horien artean Iñaki Arregi.
«Oso interesgarria izan da sorkuntza lana: gordinean zen lehen ideia gorpuztu den arteko ibilbidea oso intentsua izan da, elkarren arteko eraginaren emaitza», aipatu zuen Arregik.
Arriagan ikusiko dugun lanari dagokionez, erreminta dantzak izango dira oinarrian, bata bestearen segidan, eta bukatzeko Habanerak. Erronka garrantzitsua izan da XIX. mendetik datorren azken tradizio hau berreskuratzea. Habaneraren alde melodikoa oso zabaldua egon da, baina ez alde koreografikoa. «Hutsetik sortu ditugu pieza hauek, Habaneren erritmoan oinarrituz. Gure ustez, osos sinesgarria geratu da», esan zion GARAri. Arriagan taularatuko da lehenengoz ``Axeri boda'', baina kalerako ere prestatuta dago.