GARA > Idatzia > Euskal Herria

Azkenaldian egindako espetxe aldaketek presoen dispertsioa gordindu dute

Azken asteetan ugariak izan dira euskal preso politikoen espetxe aldaketak, gehienak euren etxeetatik gehiago aldentzeko xedez. Etxerat-en ustez, «ezinegona areagotu, eta eskubide urraketa» islatzen du horrek.

GARA |

Estatu espainol zein frantsesak Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aurka ezartzen duen dispertsio politikaren ispilu bilakatu dira azken hileak, ugariak izan baitira tarte honetan espetxez aldatutako presoak.

Ezarritako norako berriak bildu eta aztertu ostean, senideek eta presoek «jasaten duten eskubide urraketa etengabea» gogor kritikatu du Etxerat elkarteak, eta espetxe aldaketa horiek eragiten dituzten hainbat ondorio ere mahaigaineratu ditu.

Lehenik nabarmendu du preso bakar bat ere ez dutela Euskal Herrira ekarri; eta are okerrago dena, hemen zeuden bi preso urrundu dituztela. Basaurin zeuden Endika Abad eta Xeber Zubiaga dira, Foncalenetera eta Villabonara eraman dituztenak, hurrenez hurren. Era berean, traslado gehienetan, euren etxeetatik zegoen distantzia areagotu egin dela aipatu du.

Lekualdatzeak dakarren «egonezina» ere gogoan izan du Etxeratek. Presoak ordu luzez «eskuburdinak bizkarraldean lotuta eta metalezko kaiola ezin txikiagoetan sartuta» eramaten dituztela deskribatu, eta kartzela berrira iritsi bitartean telefono deirik ez dutela gogorarazi du. Horregatik, egun luzeetan edota aste osoan, euren senideen berririk izan gabe egotera behartzen dituztela salatu du. «Gure senideak desagertuak egoten dira, eta horrek gure ezinegona areagotzen du».

Dispertsio eta lekualdatzeaz harago, Jose Domingo usurbildarraren bakartze egoera ere mahaigaineratu du. Minbizia du, eta beste euskal presorik ez dagoen Perpinyako presondegira eraman dute berriki.

Lekualdatze hauek «urruntasun eta bizi baldintza gogorren» erakusleiho dira, Etxeraten ustez, eta eskubide urraketa horren adibide gisa iazko balantzea ekarri du gogora. Bertan azaltzen denez, 40 senidek istripua jasan zuten eta haietako bat hil egin zen; era berean, bizi baldintza gogorrak bultzatuta, beren buruaz beste egiten ahalegindu ziren lau preso.

Presoen kopurua gora doa azken aldian, eta bi estatuek eragin ditzaketen ondorioak «larriagoak» izan daitezkeelako beldur da Etxerat. Egoerari aurre egiteko ordea, neurriak jartzeko eskatu die alderdi zein erakundeei, eta denen artean PSOEri eta UMPri presio egiteko.

Hain justu, presoen eskubideen alde, 26 lagun elkarretaratu ziren atzo Berangon, 60 Burlatan, 29 Iruñeko Alde Zaharrean, 32 Arrosadian, 65 Txantrean eta 20 Donibanen.

Unai Bilbao, Puerto I-en preso, ebakuntza baten premian da

Azken egunotan Estatu espainoleko zein frantseseko espetxeetan jazotako hainbat gertakari ere bildu eta zabaldu ditu Askatasunak. Horien artean, Puerto I-en dagoen Unai Bilbaori hesteetan infekzioa sortu zaiola, eta ebakuntza premia izan dezakeela jakinarazi du Askatasunak. Gainera, adierazi dute Bilbaok salaketa jarriko duela mediku kontsultan eta lekuz aldatzerakoan guardia zibiletatik jasotako mehatxu eta tratuagatik.

Era berean, Askatasunak iragarri duenez, Puerto III-ko kartzelan arau berriak jar daitezke abian. Besteak beste, medikuaren aurrean ere funtzionarioak egotea, patio orduak murriztea, eta bisitak eskatzeko sisteman trabak jartzea planteatzen dira.

Bestetik, aurrez aurrekoak galaraziak dituzten bi preso daudela ere adierazi du Askatsunak; horiek Ocaña II-an gatibu dagoen Juan Mari Etxebarri eta Puerto I-eko Patxi Ruiz dira. Espetxe horretan preso dagoen Iñaki Etxebarria 1. modulura eraman dute zigorturik.

Huelvako preso politikoek joan den osteguneko greba orokorrarekin egun osoko baraua eginez bat egin zutela adierazi du Askatasunak. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo