GARA > Idatzia > Euskal Herria

D eredutik abiatutako eredu eleanitza bultzatzeko lehen urratsa Iruñean

Hainbat sindikatuk antolatuta, irakaskuntzari eta euskarari lotutako adituak bildu ziren herenegun NUPen. Gobernuak ingelesa eta euskara kontrajartzeko egindako ahaleginari aurre eginez, D eredutik abiatutako eredu eleanitza bultzatzeko lehen urratsak eman ziren.

p024_f02_148x108.jpg

GARA |

Sortzen Ikasbatuaz eta LAB, ELA, STEE-EILAS sindikatuek antolatuta, asteazkenean Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakaskuntzan hizkuntzen gaia jorratu zuten hainbat adituk. Egun osoko jardunaldia izan zen, eta arrakastatsua suertatu; 100 lagunentzako prestaturiko aretoa txiki geratu zen entzuleentzat.

«Hizkuntzekiko planteamendua berritzeko beharra» izan zen landutako lehen gaia. Izan ere, eta antolatzaileek azaldu zutenez, gizartea aldatuz doa eta XXI. mendeari egokitze aldera, eleaniztasuna bultzatzea beharrezkoa da. Nafarroan, UPNren Gobernuak behar horren erabilera okerra egiten duela iritzita -bideragarriak ez diren ereduak proposatuz eta euskara ingelesarekin kontrajarriz-, an- tolatzaileek premiazkoa ikusi zuten gaia behar bezala lantzea. Euren hitzetan, «D ereduaren gorakada ikusita, ingelesaren amua erabili nahi dute euskararen aldeko apustua neutralizatzeko». Horren aitzinean, irakaskuntzan «Elebitasunetik eleaniztasunera» joateko erronka jarri zuten mahai gainean antolatzaileek, eta eman beharreko urratsak finkatu zituzten.

Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoa mintzagai izan zuten jardunaldian parte hartu zuten adituek. Euren erranetan «hizkuntzak ikasteko eta irakasteko irizpideak finkatuta daude», eta beraz, toki bakoitzean horiek abiaraztea da egin beharrekoa. Hein horretan, Mari Jose Azurmendi EHUko Psikologia irakasleak «psikologikoki bideragarria izateaz gainera, aberasgarria da eleaniztasuna», adierazi zuen, baina «arazoa soziologikoa da; arlo sozialetik bitar- tekoak jar ditzaketen horiek trabak jartzen ari dira», ohartarazi zuenez.

Eleaniztasuna lantzerakoan, eta hizkuntzen arteko harremanei dagokienez, zailtasunak dituenari arreta berezia eskaini behar zaiola ere esan zuen Azurmendik. Bestalde, Nafarroako Gobernuak ingelesa euskararekin kontrajartzeko egiten dituen saiakerak salatu zituen Roldan Jimeno irakasleak.

Eleaniztasunerantz

Goizaren erdialdetik aitzinera HUEZI-MU-ko, Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxeko eta Lizarra Ikastolako irakasleak mintzatu ziren, «ikastetxeetako hizkuntza proiektuei» buruz. Gisa horretan ikuspegi orokor bat emateaz gainera, bakoitzak bere lan eremuko bizipenen berri eman ahal izan zuten, horien artean, hainbat saiakera nabarmendu zirelarik.

Arratsaldean ebaluazioaren txanda izan zen. Aipaturiko Azurmendi Psikologia irakaslearen saioaz gain, Hik Hasi-ko kide den Arantxa Urbek «hizkuntzen ebaluazioaren garrantzia hezkuntza prozesuen hobekuntzan» gaia jorratu zuen. Amaitzeko, talde bereko kide den Joxe Mari Azurmendik egunean zehar bildutako ekarpen nagusien laburpena eskaini zuen, eta gisa horretan eleaniztasuneranzko bidean zehaztutzat eman zen abiapuntua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo