Sokatira Munduko Txapelketa
Abadiñok lortu du euskaldunen estreineko domina
Bizkaitarrek brontzezkoa kolkoratu zuten 560 kilotan. Ñapurrak taldeak ere lan ona egin zuen
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Abadiñok lortu zuen atzo euskaldunen estreineko domina, Munduko Txapelketako lehen egunean. Bizkaitarrek 560 kilotan borontzezko domina kolkoratu zuten. 640koan, Ñapurrak taldeak egindako lana ere nabarmendu beharrekoa da, Ezpeletakoak ongi aritu baitziren, eta txapeldunaren aurka galdu zuten finalerdietan izateko aukera hori.
560 kilokoarekin abiatu zen Faenzan, Italian, Munduko Txapelketa. Bertan, Abadiño eta Berriozar ziren euskal ordezkariak. Nafarrek, saio guztiak tiraldi bakarraz irabazi ahal izan zuten.
Abadiñorekin bazegoen itxaropenik, eta bikain aritu ziren beste behin ere. Pisu honetan, ordea, Richill taldea nabarmendu zen. Ipar Irlandakoak denak aise menderatu zituzten, eta beraiek jantzi zuten lehiaketako lehen urrezko domina.
Abadiñok finalerdietan Montain taldearen aurka galdu zuen. Beraiek menderatzea ia ezinezkoa zela-eta, hirugarren postua segurtatzeko indarrak apur bat gorde nahi izan zituzten, eta galdu egin zuten finalerdietan. Hirugarren eta laugarren posturako lehian, Cardonagh talde irlandarraren aurka neurtu ziren, eta haiei irabazita, brontzea kolkoratu ahal izan zuten.
Finalean ere ez zen ezusterik izan, eta Ipar Irlandako taldeak irabazi zuen. Beraz, urrezko domina, Richill (Ipar Irlanda) taldeak jantzi zuen. Bigarren, Mountain (Irlanda) izan zen, hirugarrena Abadiño, eta laugarrena Cardonagh (Irlanda).
Arratsaldean, mutilak, 640 kilotan aritu ziren. Abadiño, Baiona eta Ñapurrak izan ziren pisu horretan aritu ziren euskal ordezkariak. Baionak, normala den moduan, oso behean amaitu behar izan zuen. Abadiñok ere ez zuen uste bezain lan ona egin, eta lehen fasea gainditzeko modurik ez zuen izan. Hirugarren taldeak, Ñapurrakek, sekulako lana egin zuen. Lehen fasea gainditu egin zuen, Abadiño ere menderatuz. Final laurdenetan, ordea, Clomany talde irlandarra egokitu zitzaion, eta Ezpeletakoek ezin izan zuten finalerdietarako bidea egin, pisu honetako talderik indartsuenaren aurka jokatu baitzuten, eta ezin izan zuten menderatu.
Pisu honetan, txapeldun, Clomany (Irlanda) izan zen. Bigarren, Mountain (Irlanda); hirugarren, Tzummalum (Herbehereak) eta laugarren Killroi (Ingalaterra).
Txinatarrak
Mutiletan, Irlandakoak nagusi izan baldin baziren, nesketan, asiarrak izan ziren onenak, Txinara eta Japoniara joan baitziren bi dominarik garrantzitsuenak. 520 kilotan aritu ziren lehian, eta Badaiotz izan zen euskal ordezkaria. Arabarrak ez ziren pisura heldu, kilo asko falta zitzaizkien, 520ra heltzeko, eta hori nabaritu egin zuten.
Jon Lapazaranek gidatzen duen taldeak, ezin izan zuen lehen fasea gainditu, eta dominen lehiatik oso aparte geratu ziren. Atzoko protagonistak, ordea, txinatarrak izan ziren, sekulako maila eman baitzuten, eta baita ikuskizuna ere. Talde guztiak erraz menderatu zituzten, eta finalean, japoniarrekin neurtu behar izan zuten. Final dotorea eskaini zuten, baina urrezko domina Laigang talde txinarrak jantzi zuen; bigarrena, berriz, Osaka talde japoniarra eskuratu zuen, eta hirugarren postuan, Ladies talde ingelesa geratu zen.
Gaurko, itxaropen handiak ditu Badaiotzek, baina atzokoa ikusita, txinatarrak eta japoniarrak izan daitezke etsairik handienak, eta haiek menderatzeko lan asko egin beharko du, lehian gogor ekinez.
Kluben mailako lehiaketa gaur amaituko da, bihar eta etzi nazio mailakoa izango baita.
Mutilak 600 eta 680 kilotan neurtuko dira, eta neskak, berriz, 480 kilotan. Mutilen pisu txikian eta nesketan jarri beharko da arreta guztia.
Abadiñoren pisurik gustukoena, mutiletan, hori da, eta oso litekeena da gaur dominaren bat lortzea. Nesketan, ere hori da gustukoena.