Harri-jasotzea Sei Orduak
Ostolatza eta Goenatxo 200 kiloko errektangularrarekin neurtuko dira
J.L. | DONOSTIA
Euskadiko Sei Orduetan, bihar harri jasotzaileak izango dira ikusgai, eta oso saio erakargarria eskainiko dute, gainera, Goenatxok eta Ostolatzak. Azkoitiarra eta zestoarra 200 kiloko harri errektangularrarekin neurtuko dira bost minutuko txanda bakar batean.
Neurketa erakargarria da, eta zaleek ikuskizun polita ikusteko parada izango dute. Iaz ere harri honekin neurtu ziren, baina orduan Ostolatza eta Aimar Irigoien izan ziren, eta garaipena zestoarrak lortu zuen. Hala ere, horrek ez du denboraldi on horietakoa egin, eta azkoitiarrak, aldiz, sekulakoa egin du. Berunarekin bi marka ikaragarri egin baititu, nahiz eta biharkoa ezberdina izango den. Harri jasotzaileez gain, zaku lasterketa ere izango da ikusgai Antonio Elortza belodromoan.
Irigoien ez da arituko
Aurten arituko ez dena Aimar Irigoien izango da. Horren inguruan galdera ugari izan dira azkenaldian, baina atzo berak argitu zuen horren zergatia prentsa ohar baten bidez. Errezildarrak onartu zuen bertan izateko eskaintza jaso zuela, eta horregatik, antolatzaileei esker ona agertu zien. Hala ere, Aimarrek urte gogorra izan du, txapelketa eta marka ahalegin ugari egin du, eta abenduaren amaierako marken ostean, atseden hartzea erabaki zuen.
Horregatik, une honetan bera ez omen dago sasoian, eta bertara baldintzarik onenetan ez izatekotan, ez joatea erabaki zuela onartzen du. Azkenik, berriro ere antolatzaileei eskerrak eman nahi izan zizkien.