GARA > Idatzia > Kultura

Nafarroan inprimatu dituzte Harry Potterren abentura berriaren alerik gehienak

«Harry Potter and the deathly hallows» («Harry Potter eta herioaren erlikiak») atzo kaleratu zen gaztelaniaz, galegoz eta katalanez. Gaztelerazko 550.000 ale, Nafarroan inprimatu dira.

p053_f03_91X92.jpg

GARA | DONOSTIA

Nafar kutsua du Harry Potter ezagunaren zazpigarren abenturak, «Harry Potter and the deathly hallows» («Harry Potter eta herioaren erlikiak»), ez azti famatua geurera gerturatu delako, gaztelerazko 550.000 ale, inprimatu diren ale guztien herena gutxi gorabehera, Rodesa enpresan inprimatu direlako baizik, lehenago Graficas Estella zena eta Nafarroako Villatuerta herrian dagoena, hain zuzen.

Ez da lantoki txiki honek inprimatu duen lan ospetsu bakarra -besteak beste, Ken Folletten «Un mundo sin fin» lana ere han inprimatu zuten-, baina besteekin ez dute horrenbesteko arazorik izan. Izan ere, joan den udan hasi ziren kontuarekin bueltaka, eta isilpeko hitzarmena sinatu behar izan zuten. Hau da, ezin zuten liburuaren azalaren inongo daturik argitu, eta noski, ezin zuten edukiaren gainean inolako informaziorik zabaldu. Hitzarmena ez zuten inprimategiko 30 langileek bakarrik sinatu, garraiolariek, mantentze langileek eta garbitzaileek ere sinatu behar izan zuten-eta.

Horrenbesteko lana egin eta gero, atzo kaleratu zituzten liburuaren gaztelerazko, galegozko eta katalanezko aleak. Arratsaldeko 18.30ean izan zen hori, eta Euskal Herrian hainbat dendak, Fnac eta Corte Ingles esaterako, ekitaldi bereziak antolatu zituzten hori dela-eta. Gaurko eta biharko ere antolatu dituzte ekitaldiak; Bilboko Fnacen, gaur 19.00etan, «Perception and deception» izeneko ikuskizuna antolatu dute; bertan Matt Ledding Kanadako aztiak emanaldia eskainiko du ingelesa eta gaztelania nahastuz. Bihar 12.00etan umeentzako tailerra antolatu dute. Donostian, bihar, 19.00tan eskainiko dute «Perception and decepton» ikuskizuna.

Oraingoz, aipatutako hiru hizkuntzetan baino ezin da irakurri aztiaren zazpigarren liburua, euskarazkoa eskuartean izateko, azarora arte itxaron behar. Elkarrek kaleratuko du eta aurreko sei liburuak bezala, Iñaki Mendigurenek euskaratuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo