Osakidetzako greba, langileen mobilizazioak negoziazioen giltzarri
Osakidetzako langile ugarik hartu zuten parte atzo ELA, LAB, ESK, UGT, CCOO eta SAEk deitutako greban, Osakidetzako Zuzendaritzak eskainitakoa nahikoa ez zela iritzita. UTESE eta SATSEk atzera egin arren, parte hartzea oso garrantzitsua izan zela esan zuten deitzaileek. Zuzendaritzari, ordea, ez zitzaion hain garrantzitsua iruditu.
Iturriaren arabera, beraz, desberdinak dira greban parte hartu zuten langileen kopurua eta grebaren balorazioa, jakina. Hala ere, komeni da gogoratzea gatazka luze honen bilakaera, Administrazioaren jarrera uzkurraren eta sindikatuen mobilizazioen artean. Zenbait hilabete joan dira Osakidetzako Zuzendaritzak sindikatuei «azken proposamena» aurkeztu zienetik. Ondoren, haiek uko egindakoan, negoziazioei atea ixten zien dekretua sortu zuen. Sindikatuek mobilizazioei eutsi zieten, eta azkenaldian, berriro negoziazioei heltzea lortu. Beraz, badirudi langileen mobilizazioak giltzarria izan direla une honetara iristeko. Nolanahi ere, eta beharbada horrexegatik, esanguratsua da Zuzendaritzak bere azken proposamena atzoko greba hasi baino bost ordu lehenago aurkeztu izana.