BERRIA | Anjel Lertxundi 2008/2/21
Bost urte
Horra bost zenbakia (...): bost honelako ikusiak gara; min egin nahi duenak badaki bost; bost gezur sortzen ditu iruzurtiak; bost axola dio eragindako kalteak. Halatsu bostetan espresioa ere: bostetan sufrituak eta bostetan negar eginak dira honezkero; bostetan umiliatu dituzte. Horra, halaber, bost eman espresioa, adar-jotzearen baliokidea: maltzurkeria politikoa bost ematen ari zaigu etengabe. Edo hor dago bostean egon, egoskorkeria adierazten duen lokuzioa: justiziak bere bostean segitzen du. Bereak eta bost jaso zituen entzuten dugunean, berriz, gure adimen-barrenak berehala jabetzen dira hizkuntzarenak bezain luzeak direla torturaren oihartzunak.
Ezin dira egunetan neurtu iragan diren babes judizialik gabeko bost urteak. Ezinago dira neurtezinak ezarri nahi dituzten zigorren urteak ere.
Ez diezagula bost.