Monzonen nahia betetzeko elkarlana sendotu dute Olaso Dorrea Fundazioak eta Euskaltzaindiak
Telesforo Monzonek bere ondasun guztiak «herriari» utzi zizkion, batez ere, euskal kultura sustatzeko helburuarekin. Haren nahia betetzeko bidean beste urrats bat egin berri dute Olaso Dorrea Fundazioak eta Euskaltzaindiak. Monzonek erosi zuen Lacombe Biblioteka harrigarria eta Olasoko beste hainbat liburu eta artxibo kudeatzeko elkarlana sendotu dute hitzarmen baten bidez.
Martin ANSO
Bergarako Olaso dorretxean bertan goiz samar ipinitako hitzordura puntu-puntuan agertu da Jose Luis Elkoro, Fundazioko lehendakaria. Ramon Mendibil Fundazioko kidea aldean duela, espantu handirik gabe hasi zaio kazetariari liburuak erakusten. Argazkilariak ez du horren- beste irudi lortzeko aukera galdu, eta bere lana errazte aldera hor ibili da Moises Lazkano, etxeko zaindari fina, argiak batera eta bestera eramaten.
«Begira, hau da Leizarragaren `Testamentu Berria' eta hori, berriz, Axularren `Guero'. `Guero' horretatik lau ale baino ez omen dira ezagutzen, oso oker ez banago, baina beste liburu batzuetatik ale bakarra ezagutzen da, eta berori, Monzonek zeukan eta, horri esker, guk daukagu», esan du Elkorok.
HAMAR URTEKO HITZARMENA
«Dena dela -ohartarazi du-, une honetan liburu gehien-gehienak ez daude Olason, Bilbon baizik, Euskaltzaindian. Batez ere, George Lacombe euskaltzainak osatu eta hura hil ondoren Telesforok eta bere emazte Maria Josefa Ganuzak erosi zuten bibliotekakoak». Horiexek dira, ezbairik gabe, Olaso Dorrea Fundazioak dituen ondare bibliografiko eta artxibistiko guztietatik funtsik aberatsenak. Beste kasu batzuetan beharbada ez, baina honetan behintzat argiro mintzo dira zenbakiak: Lacombe Bibliotekak, guztira, 1.930 liburu eta liburuxka biltzen ditu, horietatik 853 euskaraz, eta horietatik 74 ale, XVI., XVII. eta XVIII. mendekoak.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jose Luis Elkorok joan den astean izenpetu zuten hitzarmenaren arabera, ondoko hamar urteetan Euskaltzaindia arduratuko da Lacombe Biblioteka zaharberritzeaz, zaintzeaz eta ikerlarien eskaerak kudeatzeaz. Hitzarmen berria dela-eta, honakoa gogorarazi du Elkorok: «Telesforok nahi zuen bere ondasun guztiak herriarentzat izatea, Euskal Herriarentzat; eta, herriarenak izanda, euskal kultura bultzatzea. Hori espresuki esaten da Fundazioaren estatutuetan. Bada, liburuak ondasun horietatik zati garrantzitsua dira eta, egin dugun tratuaren bidez, ondasun garrantzitsu hori herritarren eskura jartzen dugu, betiere euskal kulturaren onerako». Zertxobait gehitu du Ramon Mendibilek: «Hemen sekulako liburuak dauzkagu, zenbait kasutan, ale bakarrak, batzuek 400 urte dituztenak. Gure kezka beti izan da orain dela 400 urteko liburu horiek hemendik 400 edo are 1000 urtera ere irakurtzeko moduan mantentzea. Bide horretan garrantzitsua da Euskaltzaindiarekiko hitzarmena, Euskaltzaindiak zaharberritze eta zaintze kontuetan guk ez ditugun baliabideak dituelako».
Hitzarmenak Olasoko artxiboen katalogazioarekin jarraitzea ere ahalbidetuko du, batez ere, XX. mendeko dokumentazioari dagokionez. «Izan ere, azken urteotan asko aurreratu dugun arren, hainbat alorretan, behintzat, oraindik ez dakigu zehatz-mehatz zer daukagun», esan du Elkorok.
Zehatz-mehatz ez, baina Olason, grosso modo behintzat, zer dagoen zehazten lagundu dio kazetariari Pruden Gartziak, Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekako liburuzainak. «Hor hainbat ondare bibliografiko eta artxibistiko dago: Lacombe Biblioteka, Lacombe Artxiboa - halaber, Bonaparte, Uhlenbeck, Van Eys, Dodgson, Vinson eta Europako beste zenbait euskalari handiren artxiboak barne hartzen dituena-, Olasoko Biblioteka, Olasoko Artxibo Historikoa -XVI. mendeaz geroztik Olaso familia garrantzitsuaren dokumentuak biltzen dituena-, XX. mendeko Olasoko Artxiboa eta iturri ezberdinetako beste hainbat artxibo eta material».
Ondare hauetatik garrantzitsuena, arestian esan bezala, Lacombe Biblioteka da. Georges Lacombe (Orthez, 1879-Paris, 1947) Euskaltzaindiaren sortzaile eta Julio Urkixoren gertu-gertuko lankidea izan zen. Biak ala biak bibliofilo porrokatuak izanik, euskal biblioteka apartak osatu zituzten. Lacomberena, Urkixorena (gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dagoena) baino gehiago al da? «Galdera horri, noski, ez dago baietz ala ezetz erantzuterik -ohartarazi du Pruden Gartziak-. Erraz adierazita, nik esango nuke Urkixorena handiagoa dela, eta Lacomberenak, aldiz, bitxi gehiago dituela». Batak zein besteak, euskarazko liburuak ez ezik, Euskal Herriarekin zerikusirik dutenak biltzen dituzte. Lacomberenean, adibidez, XVI. eta XVII. zein XVIII. mendeetako euskarazko klasikoak daude, baita garai hartako historia liburu esanguratsuak ere, esaterako, Lancre inkisidorearen «Tableau de l'inconstance» edota Oihenarten «Utriusque Vasconiae».
Hitzarmena joan den astean izenpetu bazuten ere, Euskaltzaindia eta Olaso Dorrea Sorrerakunde edo Fundazioaren arteko harremana aspaldikoa da. Monzon bera euskaltzain urgazle izan zela ere ez da ahaztu behar. «Telesforo hil ondoren -gogoratu du Elkorok-, lehenengo harremanak Maria Josefak berak zertu zituen Jose Antonio Arana Martijaren bidez. Harreman horiek gero eta sakonagoak izan dira eta, azkenean, 1998an oso oker ez banago, Olaso Dorrea Fundazioko kide bihurtu zen Euskaltzaindia».
OLASO DORREA BERA IREKITZEA HELBURU
Egia esan, azken urteotan, gehienbat Jose Antonio Arana Martijak berak, Josune Olabarriak eta Pruden Gartziak, baita Irargiko Borja Aginagaldek ere, hamaika lan egin dituzte Olasoko liburu eta artxiboak taxutzen, katalogatzen eta digitalizatzen. «Euskaltzaindiaren eta Fundazioaren arteko harremanetan salto kualitatiboa orain dela zortzi bat urte egin genuen, lehenengo lankidetza hitzarmena izenpetu genuenean; joan den astean izenpetu genuena, berriz, salto kualitatibo berritzat jo behar dugula uste dut», adierazi du Elkorok.
Olaso Dorrea Sorrerakunde edo Fundazioa Telesforo Monzonen ekimenez sortu zen, nahiz eta bera 1981ean hil zen eta Fundazioa 1982ra arte ez zuten ofizialki eratu. Monzonen ekimenez sortu zen, bai; baina, jakina, sortze horretan berebiziko garrantzia izan zuten beraren emazte Maria Josefa Ganuzak eta Isidro eta Maria Dolores anai-arrebek. Monzonen beraren borondatea kontuan izanik, Jose Luis Elkoro lehen momentutik beretik izendatu zuten Fundazioko kide. Handik pixka batera, berriz, Maria Josefak lehendakaritzaren ardurak eman zizkion, eta gaur arte. Egun, zazpi dira Fundazioko kideak. Olaso dorrea bera eta gordetzen dituen kultur ondareak zaintzea eta kudeatzea dute ardura. «Telesfororen borondateari jarraituz, gure asmoa hau dena zabaltzea da -nabarmendu du Ramon Mendibilek-. Liburu eta artxiboei aterabide bat eman diegu, nolabait esateko, baina gure helburua etxea bere osotasunean zabaltzea da».
Jose Luis Elkorok aurreratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Bergarako Udalarekin harremanetan daude, ea denen artean dorrea irekitzeko modua aurkitzen duten. «Gure helburua da jendeak monumentua bisitatzeko eta bertako historiaren berri jakiteko aukera izan dezala, hemen, alde batetik, ondare tangible bat dagoelako, ikusten dena, baina baita ondare intangible bat. Kontuan izan behar da horma zahar hauek gertaera politiko eta kultural garrantzitsu askoren testigu izan direla. Joan den azaroan, esaterako, mundu zabaleko ehun aditutik gora egon ziren hemen, XVIII. mendean hainbesteko garrantzia izan zuten Baskongadaren eta Bergarako Erret Mintegiaren hainbat gauza areto honetan bertan zertu zirelako. Izan ere, Olasotarren familia oso garrantzitsua izan da eta kulturarekiko interes handia erakutsi du. Alde horretatik, nik beti pentsatu dut gene hori nabari zitzaiola Telesforori, horrek bihurtu zuen kultur sortzaile eta kultur sustatzaile».
Olasoko solasaldia nahi baino laburragoa izan da. Izan ere, eguerdia baino lehen Bilbo aldera joango da Jose Luis Elkoro, bertan ebakuntza egin behar diotelako. Ebakuntzak zerikusirik du oraingoz kartzelatik libratu duen gaixotasunarekin. Ez baita ahantzi behar, «Egin kasua» dela-eta, Epaitegi Nazional espainolak kondenatuta dagoela, «18/98 auzia»ren barruan.