GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

«Fire Up!»

Ez dakit egiazkoa izango den istorioa. Seguru asko, ez ziren horrela gertatuko. Baina ez du axola. Garrantzitsuena istorioa bera da, eta istorioa Obamaren kanpainako ardatzetako bat bilakatu dela

Estatubatuarrek maite dituzte kontakizunak. Askotan ematen du teknologiaren eta aurrerabidearen eredu direla haiek, eta beraien gizartean istorioak bezain gauza zaharrek ez dutela tokirik, baina ahozko istorioek oraindik ere berebiziko garrantzia dute hango gizartean. Horren adibide dugu Barack Obama hautagai demokrataren kanpainan bolo- bolo zabaldu den kontakizuna. Izan ere, bada azken asteotan Estatu Batuetan ahoz aho dabilen esaldi bat: «Fire up! Ready to go!». Moda-modan jarri da. Adorea emateko esaldia da eta euskaraz «Sua! Aurrera goaz!» izan liteke itzulpen kaskar eta azkar bat. Esaldia estuki lotuta dago Obamaren kanpainari. Esaldia baino areago, esaldi horren atzean dagoen kontakizuna egin da ezagun, eta istorioa bera askotan aipatzen du Obamak berak.

Kontua da jarraitzaile batek mitin batean Obamari eskatu ziola haren herrira joateko, «ni herri txiki batekoa naiz, ilusio handia egingo liguke zu hara etortzeak», eta Obamak baietz erantzun ziola. Hitza eman eta bete egin omen zuen hautagaiak.

Ekainaren 15ean Greenwood izeneko herritxora ailegatu zen Obama. Hantxe egin behar zuten mitina. Eguraldi txarra zegoen eta ez zen inor ikusten kalean. Mitinera hogeita hemeretzi lagun baino ez ziren joan. Aretoa erdi hutsik zegoen. Obama lur jota geratu zen. Hainbat kilometrotako bidaia egin, eta hogeita hemeretzi lagunen aurrean hitz egin behar. Nekea nabari zitzaion aurpegian eta arima lurrera erori zitzaion. Halako batean, atzeko aulkietan eserita zegoen emakume bat oihuka hasi omen zen: «Fire up! Ready to go!» esanez. Eta areto guztiak errepikatu zuen gero esaldi bera, baita Obamak ere. Mitina eman zuen onenetakoa izan zen, benetan pozik atera zen hautagaia, nahiz eta hogeita hemeretzi lagunen aurrean hitz egin, nahiz eta herri txiki batean izan. Obamak berak esaten omen du Greenwood urruneko hartan hartu zuela indarra kanpaina luzeari ekiteko, orduan sinetsi zuela lehenengo aldiz aldaketa posible zela. Eta makalduta dagoenean Greenwoodeko pasarteaz oroitu, eta bere buruari «Fire up!» esaten diola.

Duela gutxi Greenwooden egon da berriz ere hautagai demokrata. Oraingo honetan aretoa jendez gainezka zegoen eta emakume hura gonbidatu zuen Obamak oholtzara jaiki eta jendaurrean hitz egin zezan. Edith Childs emakume afroamerikarra. Emakumeari galdetu zioten nola asmatu zuen Estatu Batuetan horren ezagun egin den «Fire up!» esaldi hori. Emakumearen erantzuna hauxe izan zen: «Horixe esaten diet etxekoei goibel daudenean».

Ez dakit egiazkoa izango den Edith Childsen istorioa. Benetan horrela gertatuko zen ala moldatu egin duten kanpainan erabiltzeko. Seguru asko, gauzak ez ziren horrela gertatuko. Baina horrek ez du axola. Garrantzitsuena istorioa bera da, eta istorioa Obamaren kanpainako ardatzetako bat bilakatu dela. Jendeak ulertzen ez dituen datuak eta zenbakiak baino areago, hauteskunde promesak baino areago, kontakizun txiki bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo