GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Buruz Burukoa

Guztiek ikusi nahi zuten finala izango da Modernen

Paxkal Ezkurra eta Agusti Waltari neurtuko dira 17.00etatik aitzina

p057_f01.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Heldu da eguna, eta gaur arratsaldean, 17.00etatik aitzina jokatuko da Baionan, Moderne trinketean, Buruz Buruko finala. Paxkal Ezkurra eta Agusti Waltari neurtuko dira nor baino nor. Batak, Urruñakoak, iaz jantzi zuen txapelari eutsi egin nahi dio. Besteak, Kubakoak, lehen aldiz jokatuko du finala, eta txapel hau euskaldunei kentzen lehena izan nahi du.

Bi pilotari oso ezberdin izango dira aurrez aurre gaurko neurketan. Bat atzelaria eta bestea aurrelaria izateak, aldeak egiten ditu, baina hori baino gehiago da, bi estilo oso ezberdin baitira horienak.

Paxkal Ezkurra nortasun handiko pilotaria da. Fisikoki oso ongi dago, eta trinketean lan asko egitea gustatzen zaio. Kintzea oso ongi landu, eta aurkaria ezinean dabilenean amaitzen du tantoa. Gainera, buruz ere oso indartsua da. Nahiz eta alde handiarekin galtzen aritu, inoiz ez du etsitzen, eta aurrera egiten du, eta horrek beti ematen dizkio zerbait egiteko aukerak.

Amerikarra, berriz, oso bestelakoa da. Pilotari bizia da; jokatzeko era berezia du, amerikar gehienek duten moduan, eta pilotari sekulako abiadura ematen dio. Abiadura hori kontrolatzea oso zaila egiten da, eta horrek berak min handia egiten die gainerako lehiakideei. Sakea oso bortitza du, eta horrek ere arazo asko ematen dizkie aurkariei. Kintzea, berriz, fite burutzea gustatzen zaio. Kubatarrak ere baditu akatsak, ordea. Errestoan dezente kostatzen zaio, eta buru aldetik ere nahiko ahula da. Markagailuan aitzinetik ez baldin bada, azkar etsitzen du, eta honelako final batean Paxkali botearekin min handia egiten ez badio, lanak izango ditu

Ligaxka

Paxkal Ezkurrak finalean izateko, finalerdietako ligaxka bakarrik jokatu behar izan du, baina Waltari lehen kanporaketatik hasi eta amaitu bitartean aritu da. Lehiaketako partida guztiak jokatu ditu kubatarrak, eta honelako txapelketa batean hori ikustea ia ezinezkoa izaten da, baina berak lortu du.

Paxkal egungo txapelduna da, eta finalerdietako ligaxka hasi den arte ez du jokatu beharrik izan. Dermit izan zuen bere lehen aurkaria, eta astindu handia eman zion, eta berriro ere finala jokatzeko faborito nagusia bihurtu zen. Bigarren partidan heldu zen ezustea, ordea, Maulen galdu egin baitzuen Sorhueteren aurka. Horrek egoera gaiztotu zion, hau da, azkeneko partida irabazi beharra zeukan Etxetoren aurka, eta irabazi arren, aurkaria 33 kintze baino gutxiagotan utzi beharra zeukan, finala jokatu ahal izateko. Azkenean, horixe egin zuen, eta finalean izango da berriro ere.

Waltarik, aldiz, lehen aldiz jokatzen zuen txapelketa, eta horregatik behe-behetik hasi behar izan zuen jokatzen. Lehen fasean, Alfaro, Etxeberri eta Aranburu kanporatu zituen, eta ligaxkan sartu zen. Hango lehen partida, ordea, galdu egin zuen Ozafrainen aurka, eta horrek bidea asko okertu zion. Hala ere, azkeneko jardunaldian Bankakoak galdu egin zuen, zenbait arazo fisiko medio, eta Waltarik Idiart astindu. Horrek eman dio kubatarrari gaur Paxkal Ezkurraren aurka txapelaren lehian aritzeko aukera.

 
Ozafrain eta Etxeto neurtuko dira aurretik

Finala 17.00etan hasiko bada ere, oren bat lehenago abiatuko da hirugarren eta laugarren posturako lehia. Bertan Etxeto eta Ozafrain izango dira. Ez batak ez besteak ez dute aparteko ilusiorik partida honegatik, finalerako txartela eskuekin ikutzen zutenean ihes egin baitzien biei ere, eta horrek min ematen du.

Partida hauek zailak izaten dira, inork nahi ez dituen horietakoak baitira, eta are gehiago finala jokatzetik oso gertu izanda, galtzen denean. Biak dira pilotari handiak, baina baldintza normaletan Ozafrain faboritoa izango bazen ere, gaurkoan gogorik gehien jartzen duenak irabaziko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo