«XVI. mendeko Gipuzkoa itsasoari begira eta itsasotik bizi zen herria zen»
Xabier Alberdi historialari zarauztarrak ongi ezagutzen du Euskal Herriko itsas ondarea. Aro Modernoko itsas ekonomia gipuzkoarrari buruzko doktore tesia egin zuen, eta horren ondoren ere, gaia jorratzen jarraitu du beste hainbat ikuspuntutatik. Orain egun batzuk Ordizian izan zen «Urdaneta, XVI. mendeko euskal itsas zabalkundearen adibide» izeneko hitzaldia ematen.
Andres Urdaneta itsas-gizon ordiziarra jaio zeneko V. mendeurrena da aurten. Hori dela eta, Ordizian hainbat hitzaldi antolatu dituzte, Urdanetaren beraren figura aztertzeko, eta horretaz gain, itsasogintzak Gipuzkoa osoan, eta hedaduraz Euskal Herrian, izandako pisuaren gainean hitz egiteko. Azken hitzaldia Xabier Alberdi historialariak eman zuen, eta «Urdaneta aitzakia hartuta», euskal itsas jarduerek Urdanetaren garaira arte izandako «gorakada»ren ingurukoez mintzatu zen.
XVI. mendean bizi zuen euskal itsasogintzak bere urrezko aroa, nahiz eta lehenago ere aurrekari asko aurkitzen ditugun.
Egia esan, Erdi Aro goiztiarrean, XIII. mendean edo, euskal merkatari edo garraiolariak mundu osoan zehar aritzen ziren. Galiziara bale harrapaketara joaten ziren, baita Britaniar uharteetara edo Islandiara ere, bakailao edo izokin bila. XIII. mendea arte untzigintzak sekulako garapena izan zuen eta aipatutako faktore horiek garaiko garapenaren eta gorakadaren zergatiak azaltzen dituzte. Untzigintza tekniken garapen izugarria XV. mende hasieran gertatu zen eta XVI. menderako, Ameriketara joateko ibilaldiak hasten direnerako, untzigintza guztiz garatuta zegoen.
Orain urte gutxi egindako doktore tesian itsas ekonomiari buruzkoak aztertu zenituen, zer suposatzen zuen eskaldunentzako itsas jarduerak?
Lehenik eta behin, bertoko baliabide naturalak hartu behar ditugu kontuan, hau da arrantza egiteko ditugun portu, bide eta ibaiek itsas jardueraren garapenean zerikusia izan dutela. Jarduera hauek hala ere, jauntxo jakin batzuen eskuetan zeuden eta jauntxokeria horrek zenbait jardueren garapena zaildu zuen -zenbait jauntxok adibidez, ibaietan arrantza aparailuak jarri zituzten etekina beraiek bakarrik ateratzeko-. Beraz, batetik, jarduerak garatu ez zirenez eskulan askapena gertatu zen, eta bestetik, kanpoan garatzen ziren jarduerek indarra hartu zuten, eta eskulan guztia hara mugitu zen. Horri guztiari, Koroaren eta penintsulako merkatari handien interesak ere batu zitzaizkion. Merkatari handi horiek artilea ekoizten zuten, eta Europara eraman nahi zutenez, horretarako bitartekaritza lanak egin zituzten hemengoek.
Orduan, gaur egun bezalaxe, aberastasuna eta boterea eskutik, hortaz.
Ekonomia kontrolatuta lortzen da, halaber, boterea. Aipatu zabalkundeak oligarkizazio fenomenoa ekarri zuen, eta eragile horien interesak udal botereaz jabetu ziren, udal boterearen bitartez, probintziako erakundeaz jabetu zirelarik. Ondorioz, XVI. mendean euskal merkatari eta jauntxoak inperioaren kudeatzaile nagusi bilakatu ziren. Batetik, Sevillako monopolioa kontrolatzen zuten eta horrek, Indietako merkataritza euren eskuetan izatea ekarri zuen.
Zein zen Urdanetaren garaian Gipuzkoan bizi zen egoera?
Garai hartako Gipuzkoa itsasoari begira eta itsasotik bizi zen herria zen. Izan ere, kostaldean ez zeuden herriak ere itsasoari begira zeuden; burdina eramateko nonbaiten egin behar zen, marinelak ere Gipuzkoa osokoak ziren, itsasontziak egiteko egurra Gipuzkoa osotik ateratzen zen...
Itsas eredu integral batetaz ari zara, zergatik orduan ereduaren gainbehera?
Nik beste galdera bat planteatzen dut: benetan, gainbeherarik egon al zen? Nire ustez ez. Ekonomia eredu hori, interes horien arabera, aldatu egin zen. Jarduera jakin batzuek jada ez zuten interesik pizten, eta laga egin zituzten, eta beste batzuk mugatu edo aldatu egin zituzten. Garraioa XVI. mende erdialdeaz geroztik gainbehera joan zen, baina, aldi berean, Donostia penintsula guztiko artile esportatzaile bilakatu zen, hori krisi bat al da? Nire ustez, birmoldaketa prozesu etengabe baten ondorioa besterik ez zen izan.
Eta zein da guzti horretan Andres Urdanetaren papera?
Urdanetaren «abenturak» ez dira kasualitate, egoera ekonomiko eta giza egoera baten fruitua baizik. Bere ekintzak ekintza globalak dira. Herri oso baten lana da. Elkanoren Ternuarako espedizioan Getaria osoak hartu zuen parte; itsasontziak prestatzen, dirua biltzen, marinel lanetan... Horregatik ez da harritzekoa Urdaneta, nahiz eta Ordiziakoa izan, itsas munduan zeharo murgilduta egotea, ez zen-eta bere egunerokotasunetik at geratzen zen mundua.
Abentura grinak ala negozioa egin nahiak bultzatzen zuen Urdaneta itsasora?
Gaur egun «enpresa» hitzak esanahi bakarra du: dirua irabazteko bitartekoa edo erakundea. Garai hartan, ordea, abentura kutsua ere bazuen. Hitz horrek bi ikuskera bateratzen zituen: espedizioa eta dirua irabaztea. Garai hartako giroa antzeman dezakegu hitzari erreparatuta. Espedizioak ondo kalkulatuta zeuden, jo dezagun Elkanoren munduaren birara; bost barkuetatik bakarra itzuli zen, eta 300 baino gehiagoko tripulaziotik 18 baino ez ziren itzuli. Hala ere, itzulitako barku bakarreko ezpeziekin espedizio osoa ordaindu, eta irabazi handiak lortu zituzten. Beraz, abentura bai, baina dirua ere bai.
Zein da Elkano eta Urdaneta bezalako itsasgizonek utzi diguten ondarea?
Jakintza ondare bezala hartzen badugu, gu analfabeto hutsak gara, gureari buruz oso gutxi dakigu-eta. Egoera hau herri honetan dugun egoeraren ondare ere bada, hala ere; frankismoa hortxe dugu... Gauza asko geratu da bidean. Bestalde, ondare artistikoari dagokionez, egia da, Euskal Herrian badugula ondare ugari, beharbada, ez dugu Versalles bezalako jauregirik, baina herri askotan garai hartako ondare diren jauregi txikiak daude. Loiolako Basilika Vatikano txiki bat da eta haien lanari zor diogu ehin batean.
Rebeka CALVO