GARA > Idatzia > Kultura

Nafarroako Txapelketako finalerako txartela du Legarretak

Atzo jokatu zen Lekunberrin Nafarroako Txapelketako bigarren finalaurrekoa. Xabier Legarreta izan zen irabazlea, eta hala, zuzenean sailkatu da martxoaren 15ean Elizondon jokatuko den finalera. Bere atzetik, Julio Soto eta Iņigo Olaetxea sailkatu ziren, biak berdinduta.
p062_f01_148x100.jpg

GARA | LEKUNBERRI

Bi urtez Nafarroako Bertsolari Txapelketatik landa izan ondoren, aurten berriro parte hartzea deliberatu zuen Xabier Legarretak, eta erabakian asmatu egin duela dirudi, atzo finalerako txartela eskuratu baitzuen.

Kanporaketatik abiatu behar izan zuen, Iturengoa irabazi zuen eta gauza bera egin du Lekunberriko finalaurrekoan. 2000. urtean Nafarroako txapeldunordea izan zen Aranoko bertsolaria, eta aurtengoan marka hori gainditu nahiko du.

Nolanahi ere, estu joan zen bigarren finalaurrekoa. Hiru bertsolarik lehia bizia izan zuten saio osoan: Legarreta, Olaetxea eta Soto. Azkenean, lehena nagusitu zen, baina alde txikiaz. Bigarren posturako, berriz, berdinketa izan zen, Iņigo Olaetxeak eta Julio Sotok puntuazio bera lortu zuten saioa amaituta.

Zertxobait urrunago geratu ziren beste hiru bertsolariak: Oskar Estanga, Joxe Juan Zubieta Etxabe eta Aritz Saragueta. Saioak maila ona eman zuen eta ale politak utzi zituen. Dena den, oro har, puntuazioak lehen finalaurrekoan baino baxuagoak izan ziren.

Entzulegoa ugari

Eguraldi ona ez zen oztopo izan Lekunberriko kiroldegian bertsozale dezente elkartzeko. Saioak emandakoarekin pozik geratu ziren ikusleak.

Hirugarren eta azken finalaurrekoa Beran jokatuko da martxoaren 1ean, herriko kultur etxean, arratsaldeko 18.00etatik aurrera. Honako bertsolariak arituko dira lehia horretan: Jon Barberena, Migel Mari Elosegi Luze, Eneko Lazkoz, Jon Elizetxe, Juan Mari Lopez eta Ander Fuentes.

Finala martxoaren 15an jokatuko da Elizondoko Lur Dantzalekuan. Zortzi bertsolari daude deituta bertan parte hartzeko.

BERRAGERTZEA

Xabier Legarreta bi urtetan egon da Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu gabe eta, aurten berriro lehian sartzea erabaki zuen; indartsu ekin dio, eta atzokoan, behintzat, saioa irabazi zuen.

BI IZEN

Oraingoz, bi dira finalean tokia ziurtatu duten bertsolariak: Erika Lagoma eta Xabier Legarreta. Hurrengo txartela Beran jokatuko da, martxoaren 1ean, hirugarren finalaurrekoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo