GARA > Idatzia > Mendia

HEDABIDEAK Teknologia berriak

«Pyrenaica» aldizkaria aurrera doa

Euskal Mendizale Federazioak argitaratzen duen «Pyrenaica» aldizkariak lehenengo 201 zenbakiak digitalizatu eta sarean jarri ditu. Antonio Ortega zuzendariaren ustez, ezinbesteko urratsa izan da.

«Pyrenaica guztion eskura», izenburu horrekin zabaldu du erredakzio taldeko kide den Mikel Arrizabalagak aldizkariaren azken editoriala. Izenburu irekia, guztiz irekia zinez, eta, aldi berean, guztiz erakargarria. Baina, zer adierazi nahi du? Arrizabalagaren zehaztapenek den-dena argitu dute: «XXI. mendeak digitalizazioaren abiaburua markatu du. Ezinbestekoa da informatika bitartez lantzeko bideak aztertzea eta Informazio eta Komunikazioaren Gizartea esaten diogun horretan geure lekua bilatu eta kokatzen hastea. Bide horri eutsiz, 2008aren hasieran, `Pyrenaica'-ren lehen 201 zenbakiak (1926-2000) digitalizatu eta sarean jarri ditugu aldizkariaren web-gunean (www.pyrenaica.com)».

Lan mardula -urrats zein bilakaera logikoa behar zuena- du egina dagoeneko «Pyrenaica»-k; orain soilik esku-eskura dugun leku pribilegiatu batetik, Internetetik, erosotasun osoz ordenagailua piztu, aipatutako web-gunera jo eta hemeroteka izeneko atalean sartzea besterik ez dugu egin behar 201 zenbaki horien olatuan bidaiatzeko. Buruhausterik ez izateko, «Pyrenaica»-koek gauzak erraztu dituzte eta, horrela bada, erabiltzaileak era errazean eskuratu ahal izango du informazioa. Zerbitzua modu ezberdinetan erabili ahal da: artikulu bilatzaile baten bidez, titulua, edukia, egilea, urtea edota zenbakiak zehaztuz.

Saio bat baino gehiago

Bai, «Pyrenaica»-ren funts guztia era azkar, erraz eta eraginkorrez eskuratzeko moduan jarri digute. Beste urrats bat, «informazioaren autobideek» eskatzen zutena: «Urrats hau eginez, esan dezakegu laurogei urteko historia luze eta aberatsa duen aldizkari hau iraganari eta geroari begira jarri dela eta dagoeneko aldizkaria guztion eskura dagoela».

Nahiz eta 2008. urtearen hastapenarekin «Pyrenaica»-ren azken ekimen garrantzitsua aurkeztu eta aurrean jarri diguten, aldizkariaren digitalizazioa (edo hobeto esanda, eduki guztiak gordetzea) ez da azken orduko asmoa izan. Antonio Ortega zuzendariak adierazi digunez, bestelako saioak izan dira: «Behin baino gehiagotan saiatu gara. Duela urte batzuk, aldizkarian gaudenon artean egitasmo ederra eta beharrezkoa jarri genuen martxan. Aldizkari guztietako informazioa beste era batean biltzen eta gordetzen saiatu ginen eta, aitortu behar dizut, ahalegin handiak egin genituen. Adibide adierazgarri bat emango dut: zenbaki guztiak eskaneatu genituen. Eta hori oso urrats handia izan zen. Lan horretan zazpi urte eman genituen, baina emaitzak ez zuen inoiz argirik ikusi; ezinezkoa izan zen. Berez, informazio guztia eskaneatzea ez zen gure helburu nagusia, baizik eta bilatzaile sistema on bat sortzea. Bilatzaile erraz eta soila; bitarteko hori ezinbestekoa ikusi genuen. Eta saiatu ginen. Azkenean, gai aurkibide bat egitea erdietsi genuen, baina ondoren halabeharrez aldizkarira joan behar zen».

«Pyrenaica»-koak ez ziren kikildu, eta urteen poderioz digitalizazioaren ametsa iritsi da. Ortegak berak baieztatu digunez, horren guztiaren «erru» handia Arrizabalagak izan du: «Erredakzio taldean sartu zenetik, behin baino gehiagotan jarri zigun mahai gainean asmo hori. Finean, bera izan da egitasmo honen zutabe nagusia».

«Pyrenaica»-ren zuzendaria, zalantzarik gabe, oso harro dago aurrera atera duten egitasmoarekin: «`Historia Testimonial del montañismo vasco' bildumarekin batera, aldizkariaren digitalizazioa orain arte egin dugun urrats garrantzitsuenetakoa zein handienetakoa izan da. Hori dela eta, pozarren eta oso harro gaude. Eta poz-pozik gaude, digitalizazioak oso era errazean aukera sorta handia aurkezten digulako. Erabilera erraza, soila... zer gehiago eska daiteke? Gainera, artikuluak pdf formatuan jaitsi daitezke; edota gustuko dituzun gaiak artxiboetan gorde».

Nahiz eta urrats hau egin duten, «Pyrenaica»-koek argi asko dute haien filosofia ez dela paperezko aldizkaria baztertzea eta ordenagailuaren erabilera guztiz bultzatzea. Jakina, orain arte egin duten bezala, urtean lau zenbaki argitaratuko dituzte. Hori bai, digitalizazioaren bidea hartu dutenez, bi urtero zortzi zenbaki web-gunean eskegitzeko asmoa dute.

«Pyrenaica»-ren zuzendariak baieztatu digunez, egitasmo honen berri eman bezain laster, pasadizo bat baino gehiago bizi izan dute: «Euskal Herriko mendizale oso ezagun batek galdetu zidan zer egin behar ote zuen bilduma osoarekin; izan ere, zenbaki guztiak gordeta ditu. Nik erantzun nion papera ordezkatzea zaila dela, eta jarraian esan zidan arrazoi dudala. Alacanteko beste lagun batek txantxetan aitortu zidan erabat izorratu dugula, besteak beste, «Pyrenaica» guztiak biltzen saiatu delako eta orain, bat-batean, den-denak web-gunean dituelako. Kontua da harpidedun hori bildumagile amorratua dela, eta gai horretan buru-belarri ari zela».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo