eskalada Blokeko zirkuitua
Bulder liga 08 zabalduz eta indartuz
Dagoeneko bi proba jokatu dira, biak ala biak Gasteizen. Aurten, lehenengo aldiz, blokeko zirkuitu herrikoiak Bizkaira salto egingo du; hain zuzen ere, Durangora. Parte-hartzaileen artean gero eta maila handiagoa izaten ari da.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Bulder Ligaren bilakaera gero eta interesgarriagoa izaten ari da. Hasiera nahiko mugatua izan zuen; hots, antolatutako probak Gasteizen bakarrik jokatzen ziren. Baina, lehenengo ekitaldiek izan zuten arrakasta zela eta, hitzorduak zabaltzea erabaki zuten. Eta, inolako zalantzarik gabe, helburuaren erdian jo zuten. Izan ere, bulder lehiek erakutsi dute erakargarriak direla.
Hori zela eta, Gasteizko muga gainditu eta hitzorduren bat edo beste Arabako beste herri batera eraman zuten. Berriro ere erabakiarekin asmatu egin zuten. Hori guztia gutxi izango balitz, iaz Gipuzkoara salto egitea otu zitzaien; Arrasatera, hain zuzen ere. Harrera bikaina izan zutela ikusita, Bulder Ligaren antolatzaileak aurtengo ekitaldirako beste proposamen batekin azaldu dira. Gasteizko zein Arabako herri batean egindako deialdiari, Gipuzkoakori eutsi eta Bizkaira joango dira. Pixkaka-pixkaka bada ere, Euskal Herriko Bulder liga batera ote goaz? Ez legoke batere gaizki. Horrela bada, arabar hiriburuko Estadio, Gimnasio K2 eta Hegoaldeko hitzorduei, Amurriokoa, Oñatikoa eta Durangokoa gehitu behar zaizkie. Ikus daitekeenez, sei proba guztira.
Eta zabalkunde horrek, jakina, zirkuituak hasieratik izan duen oinarriari ezin dio uko egin. Bai, hastapenetik izaera herrikoia izan du, eta hori bere horretan mantendu dute. Ohi den legez, hiru mailatan, neska zein mutiletan, banatu dituzte lehiak: 18 urtez azpikoak, herrikoiak eta elitea. Eta osagarri horiekin guztiekin, otsailaren hasieran Bulder Liga 08 ekitaldia hasi zen. Dagoeneko bi proba jokatu dira, biak ala biak Gasteizen. Pixka bat «hotz» hasi zen, baina bigarrenarekin motorrak berotu dira ederki.
Maila zein giro ona
Edizio berria hasi bezain laster ohartu gara azken ekitaldietan izan diren eskalatzaileek ez dutela hutsik egin. Berriro ere lehenengo proba hauetan izan dira, eta hauei, gainera, lehiakide berriak gehitu zaizkie. Bestetik, azpimarratzekoa da blokeko zirkuitu honetan parte hartzen dutenen maila handitzen doala, eta proba batzuetan, bederen, oso norgehiagoka estuak izaten ari dira. Lehenengoa otsailaren 2an jokatu zen. Gasteizko Estadiok dituen instalazioetan 30 lagunek hartu zuten parte. Inauteri egunak zirenez, lehiakide askok ez zuten mozorrotzeko aukera galdu nahi izan, eta haien jantziekin probari oso kolore eta giro ederra eman zioten. Ibai Urdiroz eta Joseba Saiz izan ziren blokeen prestatzaileak eta, oro har, lehiakideei oso lan txukunak jarri zizkieten. Lehenengo proba honetan, zoritxarrez, soilik emakumezko bat, Zuriñe Etxeberria, aurkeztu zen.
Bai elitekoak bai herrikoiak bloke berberetan jardun ziren. Eta maila guztien artean, gazteenen agerraldi indartsua azpimarratu behar da. Izan ere, batzuen batzuk erakutsi dute hazten ari direla. Ohi den legez, sailkapenak goizez jokatu ziren. Arratsaldeko finaletan, 18 urtez azpikoen mailan, Jon Beñat Agirre eta Borja Donnayren artean oso lehia polita ikusi zen; azkenean, Agirre nagusitu zen. Hirugarren Eneko Saenz de Samaniego izan zen. Herrikoietan onena Alexander Duran izan zen, eta haren atzetik Iñaki Arantzamendi eta Xabat Lasarte sailkatu ziren. Elitean, berriz, final gogor baten ondoren, Juanjo Esnaolak eta Mikel Oliverak lehenengo postuan berdindu zuten. Dani Perezek eskuratu zuen hirugarren postua.
Bigarren proba, bestalde, Gimnasio K2-ko blokeetan jokatu zen. Parte-hartzeari dagokionez, aurrekoarekin alderatuta, handiagoa izan zen: 48 lagun. Gainera, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako ordezkariak bertaratu ziren. Oraingoan, bai, neska gehiagok hartu zuten parte. Gaztetxoen mailan, Iosu Viejok erakutsi zuen indartsuena zela. Mikel Velasco bigarren izan zen eta Donnay hirugarren. Jaione Arronizek, oso lan ona egin ondoren, nesketan irabazi zuen. Mirian Mulas eta Maialen Martinez bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Herrikoietan, nesketan, aise irabazi zuen Marian Markezek. Ainara Aramaio bigarren izan zen eta Estitxu Miguel hirugarren. Lasarte gailendu zen mutiletan. Gorka Gonzalezek eta Duranek lortu zituzten podiumeko beste bi postuak. Eta elitean, Esnaola berriro garaile. Atzean Oscar Lopez eta Perez utzi zituen.
Bulder Liga Gasteiztik Amurriora joango da. Hirugarren proba larunbatean jokatuko da, ohi den bezala, 10.00etatik aurrera. Informazio gehiago eta izen-ematea: http://www.fundacionestadio.com