kronika | eurovisión
Hirugarren postuan, Arkaitz: «Un Olé» abesten duen «Bisbal bizkaitarra»
Atzo itxi zen Estatu espainolean Eurovision lehiaketara joango diren abeslarien aldeko bozketa. Internet bidez egin da hautaketa, TVE eta MySpace guneak sustatuta. Lehenengo lau postuen artean abeslari bizkaitar bat dago, 63.000 boto ingururekin. Arkaitz du izena, eta David Bisbalen tankeran abesten du «Un Olé» izeneko kantua.
Haritz RODRIGUEZ
Blogari euskaldunen artean aste honetan zabaldu da «Bisbal bizkaitarra»ren inguruko informazioa. Izan ere, atzo itxi zen Eurovision lehiaketan Estatu espainola ordezkatuko duen abeslariaren aldeko bozketa. Eta 536 hautagaien artean Arkaitz izeneko gazteak hirugarren postua eskuratu du, azken egunetako norgehiagoka biziaren ostean. «Un Olé» da aurkeztu duen abestiaren izenburua, eta Andaluziako folklorearen erakusle diren hainbat elementu tartekatzen ditu, bai musikari eta bai letrari dagokionez ere.
Zabaldu.com webgunean, albistea argitaratu eta gutxira, hainbat lagunek eman zuten Arkaitzi buruzko iritzia. «Lehenengo bostak hurrengo fasera joango dira, eta beste bost ere bai, TVEk aukeratuta. Hortaz, une honetan, Arkaitz kolatu egingo litzateke. Laguna dut. Aupa Arkaitz!», esan zuen Mendicute izeneko erabiltzaileak.
Abeslariaren izen berbera duen erabiltzaile batek, Arkaitzek, honakoa bota zuen: «Izen horrekin aurkeztea ere... :-/ euskal musika peto-petoa egiten ez du ba! xD». Izan ere, Logaritmo ezizenaz sinatzen duenak nabarmendu zuen legez, «abestian aipatzen dituen laranjondo, pareta zuri eta flamenkoa Bizkaiatik urrun samar geratzen dira, ezta? ;-)». Bestalde, Asiersar izeneko batek gogorarazi zuenez, «Irlandarrek indioilar baten txotxongiloa aukeratu dute Eurovisionerako :-D».
Euskal Herritik, 30 lagun
Mikel Iturria blogariak bere bitakoran (eibar.org/blogak/iturri) jakinarazi duenaren arabera, 30 lagun aurkeztu dira Euskal Herritik Eurovisioneko parte hartzaile espainolaren hautaketara. Arabatik 19, Bizkaitik 9, Nafarroatik 2 eta Gipuzkoatik 0.
Bozkatzeko epea astelehen gauerdian amaitu zen, eta antolatzaileek bihar, 12:00ak aldera, emango dute ezagutzera Estatu espainola ordezkatuko duen bakarlariaren izena. Azken unera arte, Antonio el Gato deituriko gizon bat egon da lehenengo postuan «La Bicicletera» kantuarekin (110.694 boto). Atzo, ordea, bozkatuenen rankingetik desagertua zen webgune ofizialean: myspace.com/eurovision2008.
Behin betiko datuak jakinarazi bitartean, hauek dira behin-behineko emaitza ofizialak: Rodolfo Chikilicuatreren «Baila el ChikiChiki» (109.995 boto), La Casa Azulen «Revolución sexual» (67.706), Arkaitzen «Un Olé» (63.460 ), Coralen «Todo está en tu mente» (58.339 ) eta, bosgarren postuan, Bizarre taldearen «Si Pudiera», 54.842 botorekin.
Hainbat hedabidetan esan denaren arabera, aurten freaky-ek bereganatu omen dute Eurovision, lehenagotik bereganatua izango ez balute bezala. Egia da, hala ere, bozketak Internet bidez bideratu izanak apur bat aldatu duela aurtengo prozesua.
TVEko arduradunek adierazi dutenez, bestalde, MySpacen jasotako bozen artean «irregularrak» direnak ezabatu egiten dira. Hautagai batzuen kasuan «iruzurra» hain da agerikoa eta orokorra, gerta baitaiteke gauerdi aldera goiko postuetan zeudenak askoz ere beherago geratzea azkeneko berrikusketaren ostean.
Arkaitzen MySpaceko txokoan (muyspace.com/arkaitzoficial) irakur daitekeenez, 20 urteko abeslaria bere lehenengo diskoan argitaratuko diren abestiak prestatzen ari da. «Jaiotzez bizkaitarra, familia osoa galiziarra du. Eurovision lehieketan Espainia ordezkatzeko ametsa betetzeko prest dago Alejandro de Pinedok eta Gema Castañok espresuki egindako `Un Olé' abestiarekin. Dudarik gabe, 2008ko abesti sonatuenetakoa izango dena».