GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea

Desadostasunak bizi gaituelako nauzue zuekin

Duela bost urteko egun beltz hartatik, behin baino gehiagotan jaso dugu euskaltzaleok elkartasunerako deia. Behin eta berriz erantzun diot: garbi eta ozen adierazteko zuekin nagoela. Garbi eta ozen adierazteko, auzipeturik zaudeten hamabi pertsonoi eta «Euskaldunon Egunkaria» itxi izanak kalteturiko langileei, ez diodala injustiziari inolako babesik emango, ez neure isiltasunaz ezta hitz erdizka mintzatuta ere.

Gaur ere ez dut hitz erdizka aritzeko asmorik elkartasuna adieraztean, zintzotasunetik begiratuta soilik hartzen baitu elkartasunak benetako balioa. Zintzo hitz eginda, zera adierazi behar dizuet: urruti sentitzen naiz zuen defentsan hainbatetan erabiltzen diren argudioetatik. Adibidez, euskalgintza osoaren ordezkaritza euskalgintzaren zati bati zuzen edo zeharka eman nahi zaionean, ahantzita mundu bat ez baizik mundu ugari dituela zorionez bereak euskarak. Urruti sentitzen naiz «Egunkaria»ren auziarentzat testuinguru politiko lerratua bilatzen eta nagusiarazten dutenengandik, ezin baitut onetsi ezker abertzale ofizialaren tesietan txertatu nahi izatea bestelako interpretazio eta arrazoibideak onartzen dituen afera. Urruti sentitzen naiz, bai, horrelakoetan. Baina bereziki urruti sentitzen naiz euskara eta euskalgintza ondare propiotzat erabili eta lohitzeko joera nabarmena duen ETArekiko jarrera akritikoan tematzen direnengandik. «Egunkaria» bere garaian tematu zen bezala. «Berria» gaur ere tematzen den bezala. Eta garbi daukat, era berean, «Egunkaria» eta bere arduradunak ETA direla esatea eskuin muturreko paranoia ultraespainiar batetik bakarrik aldarrika daitekeen gezur gaiztoa baizik ez dela. Hori bezain garbi daukat «Egunkaria»ren joera delitutzat salatu nahi izateak iritzi-delitua ezartzearen muga gainditzen duela. Baina horiek guztiak garbi izateak areagotu egiten dit ETArekiko akritizismo hori gaitzesteko kemena. Nolanahi ere, bada auzipetuen artean horrela jokatzen ez duenik, badakit, eta zinez txalogarria deritzot ildo nagusitik aldentzeko kemena erakutsi izanari, gera bedi hori ere esanda. Baina horien merituak ez du jokabide nagusia zuritzen, kasu honen muinean dagoen «Egunkaria»ren -zenaren eta denaren- jokabide nagusia, alegia.

Barrabaskeria juridikoa dira «Egunkaria» auzia kudeatzen dutenek hartutako erresalbuzko neurriak, absoluziozko epairik aldekoenak ere zuzendu ezin lituzkeen kalteak sortu baitituzte. Horregatik gaitzesten ditut neurri horiek. Egunkari bat ixtea oso larria delako, bost urte epairik eman gabe egoteak larritasun hori areagotzen duelako, guztiz onartezina delako euskara eta euskalgintza indarkeriarekin uztartzea, zuen tortura salaketek erabateko sinesgarritasuna dutelako niretzat eta «zero tolerantzia» aldarrikatzen dudalako halakoen aurrean, eta gehiegikeria horiek zuek nozitu dituzuelako naukazue zuekin elkarturik, gehiegikeria larri horien aurka.

«Egunkaria»k, auziak auzi, zabalik behar zuen. Eta hori errebindikatzeko naukazue zuekin. Baina «Egunkaria»k, bere garaian, eta haren oinordekoak, gaur, beste zentzu batean ere behar zuten zabalik: euskaldun guztion egunkaria izan behar zuen -eta ez zen- epaile baten erabaki injustu batek itxi zuen hark. Euskaldun guztion egunkaria izan behar luke -eta ez da- haren ondorengoak. Batak zein besteak euskaldun guztion bateratzaile izan behar zuketen, baina ez zen hura eta hau ere ez da, hartutako bideak kanpoan utzi baititu euskaldun asko eta asko, ezker abertzalearen sektore ofizialenarekin bat ez datozenak, editorialik gabeko erabateko editorializazioan oinarritzen baitute biek, zenak eta denak, informazio-irizpidea. Sentibera zen oso «Egunkaria», eta «Berria»k ere ildo beretik jarraitzen du, demokrazia lohitzen duten gehiegikerien aurrean (torturak, ad hoc eraikitako legeria...). Meritutzat aitortu behar zaie jarrera hori. Gehiegikeriak ETArenak edo haren kontsignei men egiten dietenenak direnean, berriz, ustezko asepsia iraingarri batez ematen dituzte albisteak. Horrelakoetan ere, irakurleak ezin lezake zalantza izpirik ere izan. Ezin zaie, ordea, jarrera hori meritutzat aitortu.

Hala ere, ikuspegi horrek ere bere adierazpidea behar du demokrazia osasuntsu batean, eta tinko izango nauzue zuen ondoan horren defentsan. 1992an, «Egunkaria» sortzeko dirulaguntza publikoa, beste batzuekin batera bultzatu nuenean bezalaxe, edota Donostiako kaleak erresumin demokratikoz blaitu zituen jende-uholde hartan parte hartu nuenean bezalaxe. Tinko defendatu dut, beraz, «Egunkaria»ren bizitzeko eskubidea, tinko defendatuko baititut «Egunkaria»k eta haren ondorengoak sekula arbuiatu ez dituzten indarkeriaren biktimak.

Zuekin nago, beraz; horrela ulertzen baitut eskubide eta betebeharren arteko dialektika demokratikoa: zuekiko desadostasunetik arituko naiz, irmo, zuen eskubideen defentsan eta eraso antidemokratikoen aurka; zuenganako errespetu zibiletik kritikatuko ditut zuen jokabideak. Zuekin nago; horrela ulertzen baitut euskalgintzak hil ala bizikoa duen aniztasunaren defentsa: zuen alde jarrita, zuengandik -eta gu geu elkarrengandik ere- garbi bereizten garen euskaltzaleon kemen demokratikoa helarazi nahi dizuet, zuek, halako batean, beste hainbeste egiteko gaitasuna erakutsiko duzuelakoan simetriazko norabidean. Unibertso bat osatzen dugu euskaltzaleok, ez sekta bat. Eta unibertsoetan, sektetan ez bezala, ezinbestekoa da aniztasuna, norbanakoaren eta gizarte-taldeen garapen harmonikoa baldin bada, behintzat, helburua. Zuenganako elkartasuna aniztasunaren bihotzaz eskaintzeak indartu egiten zaituzte zuek eta duindu gu guztiok, erasoak zilegitasun izpirik gabe uzteaz bat.

Azken batean, desadostasunak bizi gaitu-eta euskaltzaleok ere. Horregatik nago zuekin. Gehiegikeria eta eraso antidemokratikoen kontra, «Egunkaria» ixtearen aurka. Zuekin. Desadostasunetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo