Joxan Lizarribar EKTko lehendakaria. Administrazio kontseiluaren izenean
Zein da independenteagoa eta pluralagoa?
Beren gustukoa ez den oro ETA dela eta ondorioz itxi, legez kanpo utzi eta deuseztatzekoa dela dioen teorian oinarrituta, duela bost urte «Egunkaria» itxi zuten. Hain zuzen, otsailaren 20an, Martin Ugalden ehunka lagunek Auzitegi Nazionalak bidegabeki «Egunkaria» itxi izana gogorarazi eta salatu zuten, epaiketara bidean diren akusatuei babesa emanez.
Biharamunean Miren Azkaratek, Kultura sailburuak, «Berria» sortu zen modua ez zela egokia izan eta ez dela zabala esan zuen, eta «sektore bati» begira aritzea leporatu zion, enegarrenez. Ondoren Patxi Baztarrikak esan du «Egunkaria»k eta «Berria»k kanpoan utzi dituztela «ezker abertzale ofizialekoak ez direnak».
Zertara dator hau dena, eta zein da Kultura Sailaren asmoa? 2003ko martxoaren 6an, Azkaratek «Errautsak Zimentarri» izeneko artikulua idatzi zuen «Egunero»n; «bere buruaren jabe izango den egunkaria» egin behar zela idatzi zuen aurrekoa nahiko zabala ez zela esanez. «Egunkaria»ko langileek, hiru egun geroago argitaratutako «Elkarlana, independentziatik» artikuluan, honela erantzun zuten: «Azkarateren artikuluan ez genuke bestelako esku-hartzerako asmo ezkuturik ikusi nahi, ez dugu uste euskarazko egunkariak izaera zabal, baterakoi, independente eta profesionaletik aldendu nahi duenik, eta ez dugu uste erabaki judizial bidegabe batek suntsitu duen proiektu baten errautsen gainean beste ezaugarri batzuetako proiektu baterako zimentarriak jarri nahi dituenik». «Egunkaria» itxi eta kalean geratu zen talde hark egunkari berri bat egiteko zuen zilegitasuna beste inork ez zuen zalantzan jarri, kontrakoa baizik: euskal gizarteak bat egin zuen taldearekin eta haren egitasmoarekin, eta berebiziko laguntza eman zion. Dirudienez, konfiantza hura denek ez dute gustuko izan.
Auzitegi Nazionalak bere gustuko ez dituenak desegin nahi dituela genioen hasieran, eta Azkaratek zein Baztarrikak ere gauza bera nahi dutela dirudi. Euren iritzian oinarrituta, kargu publikoak erabiliz, «Berria»ren zabaltasunik eza salatzen dute. Erabat ezohikoa den eran, egunkari baten izaera kritikatu egin dute, baina zergatik kritikatzen dute egunkari bakarra? Ez ginateke harrituko gainontzeko medioekin gauza bera egingo balute, baina ez da hala gertatzen. Lehen aldia da Jaurlaritzako kargu publikoek iritzi artikulu bidez hedabide bat kritikatu dutena. Ezin da ulertu zertara datorren «Berria»rekiko herra hori.
«Berria» ez omen da euskaldun guztiena. Baina zertan oinarritzen dira hori esateko? Ba al dago euskaldun ororentzat ona eta baliagarria den hedabiderik? Denok dakigu hori ezinezkoa dela. «Berria» ez da euskaldun guztiona izango, baina euskaldun guztiek dute tokia «Berria»n. «Berria»ren aleak hartu eta talde independente baten esku azterketa ahalik eta objektibo eta serioena egin dadin bideak jarriko ditugu. Baina, bitartean, EKTren administrazio kontseiluak zenbait gauza esan behar ditu:
Gizarte ekimenetik sortutako enpresa dugu EKT, enpresa pribatua, bere baitan eta independentzia osoz egituratuta dauzka enpresa orok dituen erabakiguneak. 20.000tik gora akziodunen konfiantzak emandako pluraltasuna du. EKT eta «Berria» ez dira ez ezker abertzalearen menpeko, ez beste inolako indar politikoren menpeko. Horixe da, agian, kritika guztien oinarria, ez dutela kontrolatzen.
«Berria»k beti egiten du lan herri honetako adierazpide politiko eta sozial orok isla izan dezan. Era guztietako berriak argitaratu dira, kolore guztietako eragileak elkarrizketatu dira, eta denek izan dute iritzia azaltzeko aukera, baita Auzitegi Nazionalaren dinamika defendatu dutenek ere.
Azkaraterentzat eta Baztarrikarentzat zabaltasun falta ez da arazoa; izatekotan ere, haien arazoa da beren gustukoak ez diren gauzak ere argitaratu egiten direla «Berria»n, baina hori ezinbestekoa da pluraltasuna badugu helburu. Eta, nonbait, hori ezin dute eraman. Oso larria da kargu publikoak erabiltzea gizarte ekimenetik abiatutako proiektuak kolokan jartzeko. Onartezina da, eta hori egiteko gauza denak utzi egin beharko luke kargua.
«Elkarlana, independentziatik» zioen gorago ere aipatu dugun artikulu hark, eta Kultura Sailak ez daki hori zer den. Beste inongo sailetan ez zaio esaten inori bere lana nola bideratu, baina Kultura Sailak etengabe baldintzatu nahi du berekin harremanetan diren eragileen lana, berak nahi duen eran aritzea nahi duelako. Elkarlana ez da inposizioa; elkarlana da aldamenekoa errespetatu eta harekin batera lan egitea, bere izaera aldatzera behartu gabe. Ez dakigu Baztarrikak zer helburu duen. Haren helburua «Berria»-EKTren hazkundea moteltzea bada, argi utzi nahi dugu ez garela eztabaida antzuetan eroriko. Lanean segituko dugu proiektu zabalak, independenteak eta kalitatekoak sustatzen, sektorearekin elkarlanean.
Eta bukatzeko, egungo egoeran larriena dena: Auzitegi Nazionalaren teorian, ezker abertzale osoa ETA da eta legez kanpo utzi behar da. Baztarrikak EKT ezker abertzalearen menpeko edo aldeko egiten duenez, Auzitegi Nazionalari eta Poliziari bidea erakutsi nahi diela ematen du. Eta gero bidegabekeria dela esatera agertuko da hedabideetara?
EKTren administrazio kontseiluak eskaera argi bat egiten dio Jaurlaritzari: zuzendu ditzala esandakoak, eta enpresa honen eta «Berria» zein «Egunkaria»ren inguruan gizartean sortu nahi izan duten irudia garbitu dezala.