GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ideia Zabaldu gazte taldeak Ipar Euskal Herrirako autonomia eskatuko du

Eneritz ZABALETA |

Orain hilabete bat autonomiaren aldeko gazte dinamika bat aurkeztu eta gero, autonomia sustatzea helburu duten gazteek Ideia Zabaldu gazte taldea osatu eta aurkeztu zuten joan den asteburuan.

Larunbat gauean hain zuzen, Hazparnen egindako gaualdi bat erabili zuten talde berriaren izena, logotipoa eta dinamikaren oinarriak gizarteari aurkezteko.

Ideia Zabaldu ekimeneko gazteek behetik gorako lana egin nahi dute autonomiaren aldeko aldarrikapena ezagutarazte aldera: «Gure eskubideak eskuratzeko garaia da. Autonomiak gaitu eskubide hauek bereganatzen lagunduko», erran zuen Patxi Bidartek ekimenaren izenean. «Dinamika honen bidez, autonomiaren aldarrikapena gazte guztiok geure egitea dugu helburu», jarraitu zuen.

Izan ere, Ideia Zabalduko gazteen arabera, Ipar Euskal Herriko gazteek bizi dituzten arazoen erantzulea Estatu frantsesaren jarrera da: ikasketak kanpoan egin beharra, euskararen egoera larria EEP bezalako «ogi porroskak» emanez konpontzeko nahia, etxebizitzaren arazoa... Arazo hauei guztiei aurre egiteko autonomiaren alde lan egin nahi dute gazte hauek.

EH Bai bozkatzeko deia

Bestalde, Ideia Zabaldu taldeko gazteek hurrengo martxoaren 9ko hauteskundeetan EH Bai koalizio abertzaleari bozkatzeko deia egin zuten.

Gazte hauen arabera, plataforma horrek «argira ematen du» Ipar Euskal Herriaren berezko instituzio baten beharra, eta «gazteen ahotsa» entzun dadin hurrengo hautes- kundeetan EH Bai bozkatzera dei egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo