GARA > Idatzia > Kultura

Filmak, hitzaldiak eta mahai-inguruak, Bartzelonako Euskal Etxearen Zinemaldian

GARA | BILBO

Ostiral honetan hasiko da Bartzelonako Euskal Etxearen III. Zinemaldia eta martxoaren 14ra bitartean luzatuko da. Ekimen honek Euskal Herrian egin diren filmak edota euskaldunek zuzendu edo parte hartu duten pelikulak erakusteko asmoa du, antolatzaileek prentsa ohar batean jakinarazi dutenez.

Aurten ere euskal zinemaren erakusleiho bilakatuko da Bartzelonako Euskal Etxea bi aste hauetan zehar. Horretarako, pelikulen emanaldiak egiteaz gain, hainbat mahai-inguru, hitzaldi eta ekitaldi berezi antolatu dira. Bi aste hauetan, Euskal Etxean bertan eta Bartzelonako hainbat tokitan, euskal kultura ezagutarazteaz gain, Kataluniako kulturarekin elkarreraginean jarraituko dute, hainbat ekitaldi eta film emanaldik duten izaera, egile edo ekoizpenen jatorriari esker.

Aipaturiko horren guztiaren adibidea da «Zinema kultura minorizatuetan» mahai-ingurua, 1937ko eta 1938ko Gernika eta Bartzelonako bonbardaketak ezagutu zituztenekin egingo den ekitaldia. Gainera, pelikula baten aurkezpena egiteko aukera izango da Euskal Etxean bertan: «Sunday at five». Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek 1968an egin zuten «Ama Lur» filma zabalduko du zinemaldiak. Hurrengo egunetan hainbat pelikula ikusiko dira: Lluis Danes zuzendari katalanaren «Llach, la revolta permanent» filma ikusi ondoren, Danes berak eta Aitzpea Goenaga aktore eta zuzendariak mahai-inguru batean parte hartuko dute, «Zinema kultura minorizatuetan» hizpide izango dute. Iruñerriko gaztetxeei buruzko bideo emanaldi bat eta 18/98 auziaren inguruan eginiko dokumentala dira, besteak beste, ikusgai izango diren beste batzuk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo