Erreferendumik gabeko independentziaren ajeak
Gaur GARAk Albin Kurti kosovar ekintzaileari egindako elkarrizketan honek argi uzten du aldebakarreko independentzia adierazpenak epe ertainera ondorio negatiboak izan ditzakeela. NBEko Segurtasun Kontseiluan Errusiak ezarritako blokeoaren ondoren eta Serbiako indar politiko nagusiek erakutsitako jarrera kontuan hartuz, agintari kosovarrek ez dute independentzia beren kabuz aldarrikatzea beste alternatibarik ikusi. Baina aukera hau ez da politikoki har zitekeen aukerarik zuzenena, zalantzarik gabe.
Lehenik eta behin, aldebakarreko aldarrikapenak herritarrek independentzia zein neurriraino babesten duten ezkutatzen duelako. Ondorioz, bai kanpora, bai barrura begira ere, independentzia Kosovoko eliteek edota kanpoko indarrek ezarritako neurria dela dirudi. Gainera, ikuspuntu demokratiko batetik erreferendumak zilegitasun handiagoa emango lioke Kosovoko estatus berriari.
Nolanahi ere, une hauetan kosovarren lehentasunak auzi politikoak Konstituzio berrian txertatzea eta ekonomia egituratzea dira. Auzi nagusi horietan lortu behar dute datozen urteetarako agenda osatzea. Kurtik onartzen duenez, independentziak ez ditu Kosovoko arazo guztiak konponduko, baina arazo horiek gainditu ahal izateko aukera berriak sortuko ditu. Aukera horiek baliatu behar dituzte orain.