GARA > Idatzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Ba al dakizue non bizi den PNB?

Gotorlekurik ez duzu euskal herritar hori. Baigorrira ala Zangotzara joan, zure bozka hartzeko irrikan dagoen hautagaia aurkituko duzu kalean. Hala ere, papeletak ez dira berdinak. Ez eta norberak jokatzen duen papera ere. Alta, euskal eremu batean edo bestean bizi, hautatzeko aukera eta erabakitzeko ahalmena ez datoz bat. Euskal Herritik at kokatzen da hautu nagusi hori, Madrilek eta Parisek arautu (eta batzuetan ez arautu) egiten baitute euskal herritarrok nola, noiz eta zertarako bozka dezakegun.

Oinarrizko demokrazia hutsune hori ahantzi gabe, izan badira Euskal Herri osoa hartzen duen kanpainan arreta deitzen duten jokabideak. PPri eta PSOEri buruz bereak eta bi botatzen dituen bitartean, frantziar hautagaitzen nagusitasuna bermatzeko erabili ohi den klientelismo politikoa elikatzera jokatzen duen alderdi abertzale baten jokabideaz mintzo naiz hain zuzen ere.

Hala, Nafarroa Garaian aukera errealistatzat hartzen dena, Nafarroa Beherean amesgaiztoa dirudi. Lurralde horretan, Lapurdin eta Zuberoan bezala, PNBk gehienetan zentroko eta eskuineko hautagaia frantziarrak sostengatu baititu. Hau da, bere NaBai-ko aliatuek, beste abertzale guztiekin batera, osatzen duten Euskal Herria Bai koalizioari bizkarra eman dio.

Nafarroa bakarra dagoela sinesten duen edozein abertzalek jarrera hori nekez azal lezake. Hain itzal txikia al du Foruen Oroigarriaren aurrean eginiko kanpaina irudiak Urepeleraino ere ez dela iristen? Norberak aukeratzen ditu bere lagunak, baina galdera bat etortzen zait burura: eroso al dago Uxue Barkos hautagaia Nicolas Sarkozyren lagunekin kanpaina egiten? Baionan Yolanda Barcinaren parekoa besarkatzen duen bitartean, abertzale eta aurrerakoi itxura azaltzen du Urkulluren alderdiak Nafarroa Garaian. Aralar eta EAri esker. Baiona eta Iruñea artean dauden kilometro gutxi horiek horrelako bihurgune politikoak egiteko ematen al du?

«Casse-toi  pauvre conne!», politika zer den ez baituzu ulertzen, gizagaixo hori. Zu non bizi zara? Neu? PNB Poulu jauntxoaren oinordekoarentzat boto eske ari den herrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo