GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ibilaldiak gazte eta umeentzako Ibilarte IV. Margo Sariketa antolatu du

GARA |

Aurtengo Ibilaldia jaialdiko antolatzaileek, Zornotzako Andra Mari Ikastolak eta Bizkaiko Ikastolen Elkarteak, haur eta gazteei zuzendutako Ibilarte IV. Marrazki Lehiaketa antolatu dute. Txapelketaren gaiak aurten Zornotzan egitekoa den Ibilaldiko «Amore eta bi» leloaren ingurukoa izan beharko du: «Gure euskal bihotzetan zer bi gauza baino gehiago topa dezakegu? Ikastolako bihotzak, zer du barruan?».

Ildo horretatik, antolatzaileek lehiaketa hori umeak eta gazteak artera hurbil daitezen aukera ezin hobea dela nabarmendu dute, «gaur eguneko eta etorkizuneko artistak euskaraz hezi eta hazi daitezen gura dugulako». Gainera, herrialde horretako hainbat erakundek ekitaldiarekin bat egiteko nahia adierazi du, eta sariak banatuko dituzte (kiroletako produktuak, jolasak...).

Txapelketaren baldintzei dagokienez, bi maila izango dira, bata 12 urtera arteko haurrentzat, eta bestea 13 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat. Partaideek marrazki lanak Dina4 formatuan aurkeztu, eta atzealdean izen-abizenak, adina, helbidea, ikastola eta telefonoa idatzi beharko dituzte.

Apirilak 10, azken eguna

Parte hartzaileek haien lanak Bizkaiko Ikastolen Elkartera bidali beharko dituzte postaz apirilaren 10a baino lehen. Hala, ebaluatzeko batzordea lehiaketaren antolatzaileen ordezkari batek, laguntzaileen beste ordezkari batek, ikastolako aditu batek eta Ibilarten parte hartuko duen artista batek osatuko dute. Batzorde horrek aurkeztutako lan guztiak aztertuko ditu, eta originalena iruditzen zaiena aukeratuko dute saridun.

Ibilarte Marrazki Lehiaketaren sari banaketa maiatzean egingo dute eta bertan erakunde laguntzaileek emandako produktuak banatuko dizkiete irabazleei. Gainera, lehiaketara aurkeztutako lan guztiak antolatzaileen esku geratuko dira, eta zabaltzeko edo banatzeko baimena izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo