Iaz onartutako hitzarmena betetzen ari den galdetu dio Lasarte-Oria Bizirik-ek Udalari
Zubietan aurreikusten den errausketa planta eraikitzeko «etengabeko pausoak» ematen ari direla nabarmendu du, eta horien aurrean Udala zer egiten ari den jakin nahi du errausketaren aurkako plataformak.
GARA |
Lasarte-Oria Bizirik plataformak salatu du Zubietan egin nahi duten errauste plantaren lanak aurrera doazela, nahiz eta joan den urteko martxoaren 21ean egindako osoko bilkuran onartutako akordioetan Lasarte-Oriako Udalak hitz eman zuen ahalegin guztiak egingo zituela aipatutako planta honek aurrera egin ez zezan.
Ohar baten bidez errauske-taren aurkako plataforma horrek Zubietan planta eraiki- tzeko egiten ari diren administrazio zuzemenak kritikatu ditu. Besteren artean, Donostia-ko Udalak Zubietako gainean egin duen «lur erreserba», plantarako sarbideen inguruan Plan Orokorrean egindako aldaketak, «mankomunitateek eta Gipuzkoako Aldundiaren Hondakinen Kontsortziorako sinadurak», eta «Eusko Jaurla-ritzak hondakinen kudeaketarako eman dituen zuzentarauak» jarri ditu plataformak adibidetzat.
Udala emandako «hitza betetzen ariko dela» fio direla esan du plataformak eta, beraz, «egiten ari diren izapide guztiei behar bezalako helegiteak jar- tzen ariko dela»; baina, hala eta guztiz ere, «gustatuko litzaiguke esplizituki baieztatzea eta azaltzea zer-nolako emaitzak ari diren lortzen».
Alternatibak aztertzea
Lasarte-Oria Bizirik-ek, halaber, gogora ekarri du iaz onartutako akordioetan argiro jasotzen zela Aldundiari eta mankomunikateei Errausketaren aurkako Plataformen Koordinadorak proposatutako alternatibak aztertzea eskatuko zitzaiela. «Gustatuko litzaiguke jakitea Udalak berak zein ondorio atera dituen dokumentu honetatik, eta ea prest dagoen jaso diren metodo guztiak abian jartzeko, guztiek aukera ematen baitute errausketa baztertzen duen hondakinen kudeaketa martxan jartzeko», adierazi du.
Herritarrek hiri hondakinen kudeaketa integralaren gainean duten iritzia jasotzea ere aurreikusi zuten iaz onartutako akordioan. Lasarte-Oria Bizirik plataformako kideek aipatutako inkesta hori zein fasetan dagoen jakin nahi dute, eta horri dagokion informazioa eskatu diote Udalari.
Egindako galdera eta eskakizun guztiei laster erantzungo dielako esperantza agertu dute plataformako kideek, «bien bitartean gure etorkizuna eta osasuna hipotekatuko dituen errauste plantaren eraikuntza bultzatzen ari baita».