GARA > Idatzia > Herri-kirolak

«Ez dut uste finala txanda libreko azkeneko saiora bitarte erabakiko denik»

Aitzol ATUTXA | aizkolaria

Aitzol Atutxa larunbat gauean Azpeitian jokatuko duten Urrezko Aizkorako finalean izango da. Donato Larretxea izango du lagun, eta Anjel Arrospide eta Iñaki Aierbe, berriz, aurrez aurre. Iaz bost txapel jantzi zituen aizkolari bizkaitarrak, eta aurten ere bat jantzita abiatu nahi du. Larunbatean izango du horretarako aukera. Aizkolaritza zaleek berarengan dute jarrita itxaropena.

Jon LEUNDA |

Aitzol Atutxa da larunbateko finalean izango den lehiakiderik gazteena. Zaleek esperantza handia dute 19 urteko bizkaitar honengan, izan ere, aizkolari gazteari begiratuta, askok ikusten du harengan etorkizuneko txapelduna.

Finalerako ilusio handiz, ezta?

Bai, dudarik gabe. Iaz gazte mailakoa irabazi nuen, eta, aurten, berriro ere helduen mailan han izatea gauza ederra da. Ilusioz beterik nago, baita izugarri gogotsu ere. Larunbata heltzeko irrikan nago.

Larretxearen mailako bat ondoan izateak ere lasaitasun handia emango dizu, ezta?

Bai, zalantzarik ez. Hura bezalako aizkolari batekin bikoa osatzeak asko lagundu dit, eta ikasteko ere izugarri baliagarria izan da. Bera, beti dago erakusteko, eta neu, berriz, ikasteko amorratzen. Oso gustura aritzen naiz berarekin, beraz, larunbatean ere nire maila ematea nahiko nuke. Hori izango dut helburu.

Nola ikusten dituzu aurkariak?

Arrospide bikain dabil. Maila handiko aizkolaria da. Behin baino gehiagotan izan da txapeldun Euskal Herrikoan, eta horrek izango du bere arrazoia. Eskarmentua ere handia du. Aierbe ez nuen aspaldian ikusi, baina finalerdietan ikusteko modua izan nuen, eta oso ongi aritu zen. Oso bikote arriskutsua izango da.

Finala azkeneko probara bitarte erabakiko al da?

Ez dut uste. Zutikako enbor handiak ere arriskutsuak izaten dira, eta hor aldetxoren bat lor daiteke, baina ez da erabakigarria izango. Uste dut dena azkeneko proban geratuko dela erabakita. Lana ere orain artekoa baino handiagoa izango da, hark erabakiko du.

Bai, aizkoran hasi nintzenetik izan dudan urterik onena izan da. Agian, Euskal Herriko Hirugarren Mailako Txapelketan egin nuen hutsak ematen dit pena. Kanporaketan onena izan nintzen, baina finalean ez nintzen nire mailan aritu. Halere, oro har, egindakoarekin oso gustura egoteko moduan nago. Aurten ere gauzak ongi hasi ditut, jokatu dudan lehen txapelketan finalean sartu naiz, ea irabazteko modua egiten dudan.

Zaleak zu ikusteko irrikan daude. Horrek nolabaiteko presiorik sentiarazten al dizu?

Beno, beti nahi izaten duzu gauzak ongi egin, zaleen aurrean ongi geratu, eta honelako final batean Larretxearen mailako laguna izateak ere asko laguntzen du. Berak asko egiten du aizkoran, eta eskarmentua ere handia dauka.

Urrezko Aizkorako final batean baino gehiagotan izan zara, baina aurtengoak izango du haiekin inolako zerikusirik?

Ez, ez. Iaz ere bakarkakoan eta binakakoan izan nintzen, baina orduan gazte mailakoa zen. Aurten helduen mailan lehenengo aldiz hartu dut parte, eta, gainera, finalean sartu naiz. Dudarik gabe erabat ezberdina izango da. Aurkariak, lana, presioa, dena izango da desberdina. Dena dela, antolatzaileei ere eskertu nahi diet nigan jarri duten konfiantza, helduen mailan parte hartzeko eman didaten aukera honengatik.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo