GARA > Idatzia > Futbola

Txapeldun izateko ezinbesteko argazkilaria

 

Manex ALTUNA

Behin eta berriro erabiltzen dute futbolaz hitz egiten duten adituek partida batean edozer gerta daitekeela. Busti nahi ez dutenek ere Liga oso luzea dela aldarrikatzen dute maiz. Hala ere, egia esateko oso gutxik uste zuten orain dela hilabete bat Bartzelonak Liga irabaz zezakeela Real Madrilek lehen itzulian erakutsitako nagusitasuna ikusita. Are gutxiago, kataluniarren miseria guztiak, Ronaldinhoren kiloak direla eta ez direla, egunero komunikabideetan agertuta.

Sarritan entzuten den beste esamoldea da irudi batek mila hitz baino gehiago balio duela. Eto'ok Levanteren aurkako partidan gola egin eta gero kamera kendu zion argazkilari bati eta ospakizun berri horrekin ateratako irudiarekin kataluniarrak txapeldun izateko bidean daudela erakutsi zuen. Bera da gidaria.

Bilbo aldean ez dute asko maite afrikarra. Batek baino gehiagok ez du inoiz ahaztuko Unai Expositori aurpegira txistu egin izana. Baina horrek ez du kentzen Eto'o sekulako jokalaria izatea. Teknikoki bera baino hobeak direnak egongo dira -Ronaldinho esaterako-, baina zelaian beti dena ematen duen horietakoa da. Defentsan zein erasoan kamerundarra ezinbestekoa da Bartzelonarentzat.

Gainontzeko taldekideei bere indarra eta oldarkortasuna helarazten dizkie, baina batez ere garaipen gosea. Eto'ok ez du inoiz etsitzen eta bere itzulera ezinbestekoa da kataluniarrek orain dela bi urte erakutsitako maila berreskuratzeko. Liga eta Champions tituluak irabazi ondoren, nazioartean nagusi izango zen Dream Team berri baten aurrean egon gintezkeela ematen zuen. Baina nagusitasun horrek beren kontra jokatu zuen eta iaz kale egin zuten. Liga erdi irabazita zuten arren azken txanpan alde egin zien eskuetatik. Orain, Eto'oren gozamenerako, Real Madrilen kontura mendekua hartzeko aukera paregabea dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo