Binakako Txapelketa
Patxi Ruiz ordezkatzeko aukeratua... Otxandorena da!
Mugairekoak hirugarren bikote bat probatuko du finalerdietan bere zortzigarren neurketa jokatzeko
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Iñaki Otxandorenak Binakako Txapelketan jarraituko du. Atzo aurreratu genuen moduan, Patxi Ruiz ez dago larunbatean jokatzeko moduan eta haren lekua Mugaireko atzelariak hartuko du. Horrenbestean, Otxandorenak lehiaketako bere zortzigarren neurketa jokatuko du Labriten. Titularra izan ez den pilotari batentzat ez da kopuru makala gero.
Asegarceko mediku zerbitzu ak azaldu duenez, «Patxi Ruizek eskuin eskuko hirugarren hatzeko tendoi malgua handituta dauka eta hamar egunez ezingo du partidarik jokatu». Beraz, finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldia galduko du Lizarrakoak -Aimar Olaizola eta Oier Mendizabalen aurkako neurketa-, baina ezbeharrik ezean bigarren partidarako prest izango da jada -Aspeko bikote irabazlearen kontra-.
Iñaki Otxandorenak lehen faseko zortzi jardunaldietatik zazpitan jokatu behar izan du. Aurreneko neurketa urtarrilaren 4an jokatu zuen Aimar Olaizolarekin bikotea osatuz, eta beste sei partidak Asier Olaizolarekin jokatu ditu, atsedena otsailaren 9an bakarrik hartu zuen Ruben Belokiren itzulera zela eta. Guztira, bi partida irabazi ditu eta bost galdu, nahiz eta itxura nahiko ona eman duen. Datu sorta osatzeko, bere bikoteak 115 tanto egin ditu eta 142 jaso.
Jarri dioten erronka berriaz galdetuta, Otxandorena lan on bat egiteko prest azaldu zen atzo ETBri eginiko adierazpenetan. «Finalerdietan sartu gara eta geroz eta aukera gutxiago daude huts egiteko. Aurreneko fasean ezberdina zen. Baina lasai nago eta partida on bat egiten saiatuko naiz. Ea irabazteko aukera daukagun, oso garrantzitsua litzateke», adierazi du Asegarceko atzelariak.
Begino, beste lau urte Asegarcen
Eta atzelariez hitz egiten ari garenez, Aritz Begino ere protagonista izan zen atzo. Auzako atzelari indartsuak beste lau urtez jarraituko du Asegarce enpresan atzo kontratu berria sinatu ondoren. Pilotaria Iñigo Salbidearekin bildu zen enpresak Gasteizen dituen bulegoetan eta ez zen arazorik izan euren arteko harremana 2011. urteko amaiera arte luzatzeko. Dirudienez, uda partetik ari ziren bi aldeak kontratuaren luzapena behin eta berriro negoziatzen.
Aritz Beginok 27 urte ditu -28 datorren apirilaren 2an beteko ditu- eta sinatutako akordioari esker ia 32 urte bete arte goi-mailan jarraitu ahal izango du. Atzelari nafarrak 2001eko ekainaren 16an egin zuen debuta profesionaletan, beraz, uda honetan zazpi urte beteko ditu gorengo mailan. Indarra hasiera-hasieratik erakutsi duen arren, denbora dezente behar izan du onenen artean egonkortzeko; baina aurten, bere lehen Binakako Txapelketan, oso maila ona eman du eta argi utzi du Asegarcek une honetan duen atzelaririk kotizatuenetako bat dela.
«Lau urterako sinatzeak lasaitasuna ematen dit, baina ezin naiz erlaxatu. Egunez egun lanean segitu behar dut eta eskerrak eman nahi dizkiot enpresari egin duen esfortzuagatik. Ea beraiekin batera hazten jarrai dezakedan eta modu horretan eskertu nigan ipini duten konfiantza guztia», adierazi zuen Beginok kontratua sinatu bezain laister.
Titin III.a izan da lehen faseko 8. jardunaldian pilotaririk onena Euskadi Irratia Sarian. Bigarren postuan Pascual eta Gonzalez gelditu dira berdinduta. Sailkapen nagusian, Gonzalez da liderra 358 punturekin, Titinek 337 ditu eta Aimar Olaizolak 306.
Frontisek babesletza akordio bat sinatu du Logroñoko Udalarekin urte osoan Errioxako hiriburuan partidak jokatzen jarraitzeko. Enpresak 120.000 euro jasoko ditu jaialdiak antolatu eta publizitatea egiteko.