GARA > Idatzia > Mendia

URTEURRENak Eskia

Eskiak 100 urte bete ditu Euskal Herrian

Norvegiarren eskutik iritsi zen Tolosara, eta jarraian Aralarren izan zuen jolas-leku adierazgarriena. Urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte Tolosan eta Lekunberrin.`

Andoni ARABAOLAZA | TOLOSA

Tolosa herria (Gipuzkoa) eta batez ere hango mendizaleak ezagutzen dituen orok jakin badaki lotura berezia dutela eskiarekin. Eta ez da batere harritzekoa. Izan ere, duela mende bat, bai 100 urte, agertu zen eskia herri horretan. Aitzindari izan ziren tolosarrak, baina horretarako atzerritik laguntza bikaina jaso zuten; bai, beste era batera ezin da ulertu. Eta irakurlea bidean jartzeko, Europako iparraldera egin behar dugu bidaia historia berezi hau ulertu ahal izateko.

Askok eta askok dakitenez, Eskandinaviako herrialdeak izan ziren eskiaren sortzaileak; hain zuzen ere, norvegiar bati, Sadre Norhein-i esker hartu zuen kirol izaera. Hori XIX. mendearen erdialdeko kontua da. Enborra altxatuta zegoen; adarrak irten eta pixkaka-pixkaka bere bidea egitea besterik ez zitzaion falta. Europara hedatu zen eskia eta, XX. mendearen hasierarekin, Euskal Herrira iritsi zen. 1908ko urtarrila zen. Elurrak Tolosako bazter guztiak zuritu zituen. Bat-batean tolosarrek lagun batzuk eskiatzen ikusi zituzten. Baina nor demontre ote ziren? Zer demontre egiten ari ziren? Zer demontre ote ziren ohol haiek? Galdera horiek guztiak ibili ziren ikusle harrituen ahotan.

Segituan izan zuten irudi bitxi haiek behar zuten azalpena. Langile norvegiar batzuk ziren, Mustad fabrikan lan egitera etorritakoak. Eta, bai, eskiatzen ari ziren. Hortik aurrera, tolosarren eta eskiaren artean maitasun istorio zuzena sortu zen. Jakina, herriko elitekoak izan ziren neguko kirol horretan murgildu ziren lehenengoak eta, bazter guztiak berriro zuritu zirenean, martxoaren bigarrengoan, Aimond Enebok ingeniari norvegiarraren eskutik bi gizonezko tolosar lehenengo urratsak ematen ausartu ziren. Hiru egun geroago, berriz, lehenengo irteera egin zuten. Nora eta Lekunberrira. Enebok berriro ere taldearen buru jarri zen, eta haren agindupean jaso zuen lehenengo ikastaroa Policarpo Elosegik, Jenaro Ruiz Arkautek, Jose Eizagirrek, Isaac Lopez Mendizabalek eta Ramon Irazustak osatutako boskoteak.

Izugarrizko arrakasta

Goraldia erabatekoa izan zen. Eta egoera horren adierazle argiena 1909. urtean eman zen, Ski Club Tolosano elkartea sortu zenean. Gogo handiz jarri zituen martxan hainbat ekimen: Lekunberri zein Uitzira egindako irteerak, txapelketak antolatzea, nazioarteko kongresu bat prestatzea... Ondoren zoritxarreko Lehenengo Mundu Gerra iritsi zen eta, jakina denez, guztiz irauli zen egoera. Eski elkarteari etenaldi luzea egokitu zitzaion, baina, 1930eko hamarkadarekin batera, berriro jarri zuten martxan.

Eskia berriro «lehertu» zen eta, galdutako urteak berreskuratu nahi zituztenez, gogor ekin zieten ohiko ekimenei. Irteerei dagokienez, beste jauzi bat ematea erabaki zuten eta, lehenengo aldiz, Candanchura joan ziren. Bigarren etenaldi bat ezagutu behar izan zuten, Espainiako Gerra Zibilak behartu zuena. Garai ilun haiek bukatu bezain laster, Ski Club Tolosanokoek berriro altxatu zuten eskiaren bandera. 1963. urtera arte iraun zuen elkarteak, baina horrek ez zuen tolosarren eskiatzeko gogoa zapuztu; ez horixe. Gainera, kontuan hartu behar da 1950eko hamarkadarekin batera inguruko beste herri batzuetan eski elkarte gehiago sortu zirela; hala nola, Vasco de Camping elkarte donostiarra.

Nahiz eta hasieran eskia gizonezkoen «kirola» izan, Ski Club Tolosanoko idazkari ohia den Jose Maria Azurzak argi asko utzi du emakumezkoak ez zirela atzean geratu. Gerra Zibilaren ondoren, adibidez, 98 gizon eta 47 emakumek osatzen zuten elkarte tolosarra. Ondoren, Uzturre Mendi Elkarteak hartu zuen Ski Club Tolosanoren lekukoa eta eskiatzaile asko jaso zituen. Garaiak aldatu zirenez, eskiatzaileen asmoak ere urrunago joan ziren. Aralarrera egindako irteerak gero eta gehiago ugaritu ziren eta, horren ondorioz, Tolosa, Aralar eta eskiatzaileen arteko lotura oso estua izan da. Hain harreman berezia izan zen, ezen Aralarren bertan teleskia muntatzea otu baitzitzaien. Otu eta baita hala moduz egin ere.

Horiek guztiak, hein handi batean, izan ziren gure artean eskiaren sorrerak izan zituen pasarte azpimarragarrienak. Ehun urte igaro dira norvegiarrek Euskal Herrira neguko kirol hau ekarri zutenetik. Mende bat pasatu da tolosarrak lehenengo aldiz eskiari ekin ziotenetik. Urteurren hau dela eta, bai Tolosan bai Lekunberrin, hainbat ekitaldi antolatu dituzte (ikus Agenda saila).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo