GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Iñaki Lasa eta Ione Josié Kontseiluko ildo politikoko ordezkariak

Deliberoak euskararen eta herritarren zerbitzurako

Herriko Etxea herriaren bihotza dela esan daiteke, bertan sortzen, ezkontzen eta hiltzen baikara. Herritarren zerbitzura dedikatu behar da, bazterketarik gabe, hots, euskal hiztunen eskubideak errespetatu eta errespetarazi behar ditu

Heldu dira hauteskundeak! Martxoaren 9 eta 16an, datozen sei urteetarako gure herriaren bizitza kudeatuko dituzten kontseilariak izendatuko ditugu. Begi bistakoa da, hauteskunde hauek premiazkoak direla, gure herrian bideratuko den politikaren isla baitira, eta gure ordezkariek gure onurarako obratu beharko baitute.

Herriko Etxeek, erantzukizun handia dute euskararen normalizazioaren alde, hizkuntza-politika eraginkorra abiatzeko eta engaiamendu zehatzak hartzeko garaia iritsi dela esan dezakegu. Administrazioen autonomia printzipioa kontuan hartuz, adieraz dezakegu herri-administrazioari badagokiola euskararen normalizaziora iristeko behar diren neurriak hartzea, euskararen erabilera bermatu eta arautzea, hala nola, ezagutza segurtatzeko behar diren neurri eta bitartekoak erabaki eta erregulatzea.

Azken sei urteetan, Euskal Konfederazioaren ekimenari esker, 42 Herriko Etxek euskararen erabilera normalizatzeko planak onartu dituzte eta urrats hau kontzientzia aldaketa batekin pareka daitekeela esango genuke. Haatik, bilana egiterakoan kontura gaitezke plan soil batek ez duela euskararen normalizazioa ahalbideratzen, hautetsien borondate hutsaren gainean oinarritzen baita, eta borondateak berez, ez dakar beharrezko neurrien aplikapena. Egoerari aurre egiteko, herritarren hizkuntza-eskubideak arauz bermatuko dituen erabakia ezinbestekoa da, hots, euskararen aldeko neurriak hartzea garrantzizkoa bada, premiazkoa da baita neurrien aplikazioa ahalbideratuko duen tresna juridikoa onartzea eta tresna horri delibero forma ematea ere. Horren harira, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak tresna baliagarria aurkeztu du, administrazioan zein herrian, euskara guztiz normalizatua izan dadin eta euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko gisan onartu «Delibero eredugarria» hain zuzen ere. Kontseiluak proposatutakoa eredua da, hautetsiek aztertu eta lekuan lekuko egoera eta oreka soziopolitikoaren arabera forma desberdinak izan ditzakeena, baina gaur egun dugun babesgabetasun egoera gainditzeko bidea eskaintzeko helburua duena. «Deliberoak» oinarriak finkatzen ditu, euskararen normalizazioari buruzko herri ekintza arautuz.

Horretaz, hizkuntza-politika batek bi zutabe nagusi ditu, bata juridikoa, eta bestea ekonomikoa. Hizkuntza-politika arautuz, herritarrei haien hizkuntza-eskubideen bermerako tresna eskaintzen zaie, eta, Ipar Euskal Herrian ofiziala ez den hizkuntzari ofiziala eta lehentasunezkoa bilakatzeko parada eskaintzen zaio. Aplikazio-eremua ere zehazten du: Herriko Etxeak, bere jardun osoan, kanpo-zerbitzuetan eta lotuak zaizkion erakundeetan ere «Deliberoaren» xedapenak ageri eremuetan aplikatuko baititu. Azkenik, hizkuntzaren erabilera normalizatzeko ezinbesteko plana da. Beraz, «Deliberoa»rekin batera, Herriko Etxeak, aipatu puntuak bilduko dituen «Plana» onartu behar luke eta aplikazioaz arduratzeko baliabideak bozkatu.

Euskaldunok, eta euskararen alde ari garen eragileok argi dugu, euskara babestu eta normalizatu nahi bada, administrazio orok, izan orokorra edo tokikoa, zeregin handia dutela eta elkarlana euskalgintzarekin dela jorratu beharreko bidea. Gaurkoan, Kontseiluak tresna berria eskaini nahi die Herriko Etxeei, euskararen aldeko neurriak hartu dituztenei, onartu planak egokiago aplikatzeko gisan eta oraindik urratsa egin ez dutenei, ausardiaz jokatzeko galdegiteko gisan.

Herriko Etxea herriaren bihotza dela esan daiteke, nonbait bertan sortzen, ezkontzen eta hiltzen baikara. Herritarren zerbitzura dedikatu behar da, bazterketarik gabe, hots, euskal hiztunen eskubideak errespetatu eta errespetarazi behar ditu. Aurten, EEPk eta Prefeturak, Herriko Etxeei jakinarazi die euskararen erabilera, frantsesaren ondoan, dokumentu ofizialetan legezkoa dela eta, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak bideratu desmartxa baten ondorioz, Prefeturak bozka txartel elebidunak legezkoak direla esan du ofizialki. Baina Herriko Etxeen engaiamendu seriosik gabe lan eraginkorrik ezin da eraman. Horrez gain, politika eraginkorrik ez daiteke bideratu hautetsien borondatean oinarrituz, egiazko borondaterik gabe ez baita benetako hizkuntza-politikarik gauzatuko, eta normalizazioa itxurazkoa geldituko da.

Hauteskundeetan gai ezberdinek eztabaida sortzen dute. Baina, ez dezagun ahantz, euskarak denon kezka izan behar duela eta kanpainan bere lekua eskaini behar zaiola. Sei urteetako ordezkariak izendatuko ditugu eta herrien kudeaketaz arduratuko dira, bakoitzak bere programaren araberako politika bideratuz (hirigintzan, sozial mailan, kulturan...) eta pack honetan euskararen normalizazioaren aldeko edo kontrako politika ere erabakiko da. Sei urtetan panorama erabat aldatu daiteke, hizkuntza-politika egokia bideratu daitekeen bezala, kontrakoa ere gertatu daiteke. Hautagaiei, eta nola ez, hautetsiei gure eskaria kontuan hartzeko eskatu nahi diegu, hizkuntza-eskubideen errespetua ahalbidetzeko neurriak har ditzaten, euskararen aldeko deliberoa bozkatuz eta hizkuntza-normalizazioaren plana onartuz. Euskararen beharrak kontuan hartu eta euskarak bizi publikoan toki normala berreskura dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo