GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Mikel Soto Editorea

«El chiqui-chiqui»

Gure eliteetako batzuek ezin sinets dezakete euskaldunok garen bezain jatorrak izanda espainolak seduzitzea ezinezkoa izango zaigunik eta, ezinbestean, «el michaelyason»-arekin tematzen dira, azala zurituko zaielako esperantzaz

Inoiz loraldirik ezagutu badute, egun politika eta kultura gainbeheran daude Espainian. Horregatik, ugariak eta agerikoak dira espainiar intelligentsiaren ahaleginak bata zein bestea aldatzeko edo, gutxienez, duintzeko. Hala, bada, Europaren aurrean erakusleiho kulturala den Eurovision jaialdian Espainiaren ordezkaritza erabakitzeko sistema «demokratizatzea» erabaki du TVEk. Baina, dakigunez, demokrazia ez da sistema perfektua, are gutxiago Espainian.

La Sexta telebista katearen eskutik Rodolfo Chiquilicuatreren «Chiqui-chiqui»a heldu da TVEren sistema iraultzera. Amen batean «Chiqui-chiqui»ak bozketak irabazi ditu markak hautsiz. Orain epaimahai bat bilduko da Espainiaren «enbaxada kulturala» erabakitzeko, baina, kulturaren Epaitegi Gorenak «Chiqui-chiqui»aren kontra putxerazoa egingo duelako susmoa nagusitzen ari da. Ez da harritzekoa.

Espainiar hauteskundeek Euskal Herrian bezala, lau dantza-pauso dauzka «Chiqui-chiqui»ak:

«El breikindance»: Hauxe izan da -azken urteetan behintzat- espainiar hauteskundeetan independentistok egin izan dugun lehen dantza-pausoa. Pistaren erdian eta publiko guztia begira geneukala jakinik, pirueta ikusgarrienak egiten saiatu izan gara publikoa ez desilusionatzeko. Akronimoen dantza, pertsonen martxa, proposamenen saltsa... oro dantza.

Breikindance-a baliagarria izan da, zalantzarik gabe, baina batzuetan jokoa apurtu egin behar da. Zurea ez den aretoan, zurea ez den dantzan, zureak ez diren arauekin eta arerio dituzun epaileekin dantzan ibiltzea gutxitan da probetxugarria. Hortik datorkio izena dantza-pausoari: break dance. Brikindantza.

«El crusaito»: Kontrakoa uste dute crusaito-aren aldekoek. Dantzan ezker-eskuin ibilita, azkenean espainolek atsegin duten dantza-pausoa egingo dutelakoan daude. Baina, kudeaketaren dantza gozoan aditu diren alderdietako kideek ere ezin diote errealitateari muzin egin. Jaurlaritzaren sail poliziakoaren bozeramaile lanak egiten ez dituenean hain argia den Azkarragak zorrotz salatu bezala, transbertsalitatea alderdi estatalistek erabiltzen duten amarrua da gure herriaren esparru zabaletan nagusi den subiranotasun gosea apaltzeko, baina, aldiz, abertzaleok gehiengo ez garen esparru edo lurraldeetan transbertsalitateak ez du piperrik ere balio. Asko jota gure crusaito politiko batzuk euren burua unibertsaltzat jo dezaten.

«El michaelyason»: Hala ere, gure eliteetako batzuek ezin sinets dezakete euskaldunok garen bezain jatorrak izanda espainolak seduzitzea ezinezkoa izango zaigunik eta, beraz, ezinbestean, el michaelyason-arekin tematzen dira, dantzatzearen dantzatzeaz azala zurituko zaielako esperantzaz.

«Chiqui-chiqui»aren existentzia bera horren fruitu ez ote da ba? Arestian esan bezala, La Sexta telebista katetik atera da «Chiqui-chiqui»a, Mediapro taldeko komunikabide izarretik alegia. Eta, Prisaren ezkerrean zerbait egon daitekeela -zerbaitek egon behar duela!- sinesten duen fededun talde horretan zein dago ba? Ba, beste askoren artean, Kataluniako El Terrat eta Euskal Herriko Argiñanoren Bainet. Eta, beasaindarraren zale amorratua naizen arren, uste dut kasu honetan negozioa ez den beste zerbaiten bila sartu baldin bada abentura honetan, hobe duela barkua uztea. Espainolentzat beti «Thriller»eko michaelyason-ak izango gara euskaldunak.

«El robocop»: Azken finean, espainolek, dantzatzen dutena dantzatzen dutela, beti Robocoparena egiten amaitzen dute. Odolean daramate. Atutxa, Karlos Argiñano edo Martxelo Otamendi izan -beste batzuk ez aipatzeagatik-, euskaldunok beti espainiar epaitegietan dantzatzen amaitzen dugu. Breikindance-an batzuk, crusaito-an beste batzuk eta maiquelyason-ean besteak.

«El chiqui-chiqui mola mogollón»: Baina ez da gauza bera crusaito-a edo breikindance-a. Espainiar intelligentsia putxerazoa prestatzen ari bada, guk hobe dugu brikindantza; Chiquilicuatrerekin elkartasuna eta hurrengo udan dantza egitera. «Uno: el breikindance...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo