GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mugerre eta Uztaritzeko herri galdeketak txalotu dituzte

AHT Gelditu! Elkarlanak datorren igandean Mugerre eta Uztaritzen herri galdeketak egitea bultzatu duten herritar taldeak zoriondu zituen, ekimen honekin, AHTren bultzatzaileek ukatu eta galarazi» asmo duten herri eztabaida egin eta herritarrei hitza emango dietelako. Elkarlaneko kideek dei egin zieten proiektuak zuzenean kaltetuko lituzkeen gainontzeko herri eta auzoetako herritarrei ere, bide bera jarraitu eta herri kontsultak egin ditzaten.

p024_f01.jpg

Maider EIZMENDI |

AHT Gelditu! Elkarlanak datorren igandean Mugerren eta Uztaritzen Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren gainean egingo diren herri galdeketak «txalotu» ditu: «Zoriontzekoa da herritar multzo handi batek hartu duen konpromisoa, herri kontsultaren bitartez, herriari hitza emateko, eta AHTren proiektuaren alde edo kontra ote dauden erabakitzeko», azaldu zuten atzo Donostian egindako agerraldian.

Ingurumenaren Defentsarako Elkarteen Koordinadorak, eta Uztaritzen eta Mugerren AHTren egitasmoaren aurka sortu diren herri taldeek herritarren parte hartze zabala espero dutela aurreratu zuten, eta etorkizunean, adibideari jarraiki, Lapurdiko herrietan herri galdeketa gehiago egin daitezkeela adierazi zuten.

Baina herritarren iritzia biltzeaz gain, ekimen honen bidez, AHTren auzia hauteskunde kanpainako eztabaiden erdian kokatzea, eta Lapurdiko hautetsi eta hautagai ugarik AHTren bide berriaren egitasmoaren aurkako jarrera agertzea lortu dutela nabarmendu zuten. «AHTren egitasmoaren aurka azaldu dira Uztaritzen eta Mugerren aurkezten diren hiru zerrendak, aho batez; Urruñan lau zerrendatik hiru; Milafrangan bi zerrenda; Hiriburuko alkate Alain Iriart; Hendaiako alkate Kotte Ezenarro; Senpereko eta Ziburuko alkateak eta `Biharko Hendaia' zerrenda; Azkaingo `Ideki', eta `Biriatuko Geroa' zerrendak ere», aipatu zuten. Nabarmentzekotzat jo zuten, era berean, Michèle Alliot-Marie Donibane Lohizuneko agintari politiko ezagunak ere aurkako iritzia azaldu izana. «Beraz, Lapurdin Estatu frantsesak inposatu nahi duen AHTren bide berriak talde politiko eta mugimendu sozialen gehiengo zabalaren arbuioa jaso du», ondorioztatu zutenez.

Hein horretan, Ipar Euskal Herrian Abertzaleen Batasunak, eta Batasunarekin batera Euskal Herria Bai koalizioa osatu duen Eusko Alkartasunak AHTren aurkako jarrera agertu izanaz ohartarazi zuten. «Jarrera horri adierazgarria deritzogu oso, izan ere, AHTren gaian, bai Eusko Alkartasunak, baina orokorrean AHTren aldeko jarrera duten beste alderdi batzuen kasuan ere, beren oinarrien eta zuzendaritzen artean bizi duten ezadostasun eta dibortzioaren erakusgarri baita», baloratu zuten.

Horregatik, «AHTren egitasmoaren bultzatzaile diren alderdi politiko batzuek, Eusko Jaurlaritzako hirukoa osatzen duten PNV, EA eta EB kasu, darabilten diskurtso hipokrita» salatu zuten. Euren ustez, herriaren erabakitzeko eskubideaz eta ahalmenaz hitz egiten duten bitartean, «AHT bezalako egitasmo erraldoiak «inolako eztabaidarik eta herritarren parte hartzerik gabe» inposatzen dituzte, «herritarren erabakitzeko eskubidea hauteskunde kanpainetan botoak lortzeko erreklamo hutsa baino ez dela» frogatuz.

«Botoak lortzeko estrategia»

«Zer dela-eta ez duzue errespetatzen Urbinan, Gasteizko 20 kontzejutan, Itsasondon, Atxondon, Alegian, Angiozarren, Aramaion, Elorrion eta Anoetan egindako herri galdeketetan herritarrek AHTri emandako ezetza?», galdegin zioten agintariei. Ildo horretan, «asteburuan egingo diren galdeketek egitasmoaren bultzatzaileek ukatu eta galarazi nahi duten herri eztabaida burutu, eta herritarrek AHTri beren errefusa adierazi ahal izan diezaioten» ahalbidetuko duela nabarmendu dute.

AHT Gelditu-ko kideek inposizioa salatzen eta herri mobilizazioa bultzatzen jarraituko dutela gogora ekarri zuten, «harik eta egitasmoa gelditu eta bere oinarrian den garraio, lurralde antolaketa eta gizarte ereduaren inguruko herri eztabaida zabala burutu arte». Halaber, deia egin zieten AHTren makroproiektuak zuzenean kaltetuko lituzkeen gainontzeko herri eta auzoetako herritarrei, beren ahalmenaren arabera, herri galdeketak antola ditzaten.

ibilaldia

Datorren martxoaren 15ean Sakanako eta Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak Altsasu eta Idiazabal lotuko dituen mendi martxa informatiboa antulatu dute «Lurraren defentsan, AHTrik ez!» leloarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo