GARA > Idatzia > Mundua

Arma nuklearrak mundu osoan debekatu behar direla dio Iranek

Teherango diplomaziaburu Manouchehr Mottakik Iranek, bere programa nuklearra dela-eta, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan jasandako trataera salatu, eta mundu osoan arma nuklear guztiak debekatzeko eskaera egin zuen atzo Genevan.

GARA |

Arma nuklearrak biltzea eta ekoiztea errotik debekatu nahi ditu Iranek nazioarteko itun baten bidez, atzo Nazio Batuen Desarmerako Batzordean Teherango Atzerri ministro Manouchehr Mottakik adierazi zuenez.

«Iritsi da arma nuklear guztiak debekatzeko garaia», esan zuen Irango diplomaziaburuak Genevan.

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak Iranen aurkako zigorrak gogortu zituen astelehenean, ustez, armak ekoizteko teknologia garatzeagatik.

1.803 erresoluzioan -15 kidetik 14k alde bozkatu zuten han-, Segurtasun Batzordeak duela hamabost hilabete Iranen aurka ezarri zituen zigor ekonomiko eta komertzialak gogortu zituen.

«Bigarren Mundu Gerra irabazi zutenek uste dute nazioarteko komunitatea zigortzeko eskubidea dutela», gaineratu zuen Mottakik.

«Gaur egun, beto eskubidea eta teknologia nuklearra izateko eskubidea trukerako txanpon gisa erabiltzen dituzte beste motako onurak lortzeko», nabarmendu zuen Irango diplomaziaburuak.

Artean, Teheranen argitaraturiko komunikatu batean, diplomaziako eledun Mohammad Ali Hosseininek NEBren testuari buruz adierazi zuen: «ez du ezertarako balio, onartezina da».

Olmerten mehatxua

New Yorken harturiko erabakiak harrotuta, Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek Iran «mehatxua» dela esan, eta «guk edozein mehatxuri aurre egiteko indarra eta ahalmena dugu», adierazi zuen.

Nahiz eta Israelek arma nuklearrak eduki, Iranek erabilera zibilerako energia nuklearra izatea erasotzat jo du.

Siriaren salaketa

Siriak NBEn duen enbaxadore Bashar Jaafarik Iranen aurka onarturiko erresoluzioa «helburu politikoengatik» egin dela esan zuen, eta Israelen programa nuklearra ez dela zigortzen salatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo