GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Zapalketari aurre egiteko moduak» aztertuko dituzte IAko emakumeek

GARA |

Ikasle Abertzaleetako (IA) emakumeak lehenengo aldiz bildu ziren joan den asteburuan, hala, Ikasle Abertzaleen emakumeon sarea bilduz.

Egindako ekarpenei dagokienez, honakoak aipa daitezke: «Patriarkatuak guztiongan dauka eragina, guztiak gara zapalduak, baina modu ezberdinean», edota «emakumeak gara zapalduak izatera bideratuta gaudenak, ikusezin bihurtu gaituztenak, eta patriarkatua sufritzen dugunak» .

Bileran gogora ekarri zuten datorren ostiralerako, martxoaren 7rako, Ikasle Abertzaleek mobilizazioak deitu dituztela ikastetxe eta fakultateetan «Ikasiz, irauliz, eraikiz... borrokak egingo gaitu!» eta «Hezkuntza sistema irauli eta patriarkatua suntsitu» goiburu hartuta.

IAko emakumeen sareak zera adierazi du: «Emakumeek kolektibo bat osatzen dute, ikasle, langile, gazte... ere badiren, eta bagaren gisa. Kolektibo bat gara, emakume guztiok komunean ditugulako ezaugarri batzuk, guztiak garelako, kasu honetan, emakume gisa sailkatuak, eta hortaz, zapalduak. Baina komunean ezaugarriak edukitzeaz gain, baditugu aitortzen eta errespetatzen ez diren eskubideak (adibidez, aborturako eskubidea)». Finean, «kolektibo zapaldua gara», aipatu dute.

Biltzea, hausnartzea...

Ezinbesteko dute emakume hauek biltzea, hausnartzea eta lehentasunak ezartzea, «zapalketa bera identifikatzeko eta zapalketari aurre egiteko moduak zeintzuk izan daitezkeen ikusteko. Horregatik bildu gara IAko emakumeak», esan dute bidalitako idazki batean.

Bilerari dagokionez, ondokoa zehaztu dute: «Elkar ezagutu, antolakundearen egoera aztertu eta jarrera sexistei aurre egitearen beharraz jabetuta, aurre egiteko bideez aritzeko aukera izan genuen bertan bildutako emakumeok».

Hausnarketa eta eztabaida hauekin batera, «datorren apirilaren 11n, 12an eta 13an, mugimendu feministaren bilgune izango diren jardunaldien berri (www.jardunaldifeministak.org) eta emakume gazteon asan- bladaren» berri izan zuten bildutakoek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo