Simone de Beauvoirren inguruko film emanaldia eta mahai ingurua, Bilbon
GARA | BILBO
Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko du gaur Delphine Camolli zinemagilearen «Simone Beauvoir, una feminista» filmaren emanaldi eta aurkezpenarekin, eta ondorengo mahai inguruarekin. Bertan, idazle eta filosofo frantsesa omendu nahi izan dute, bere jaiotzaren mendeurrenean. Hitzordua 19.30ean izango da, liburutegiko ekitaldi aretoan. Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Hiritarrak Sailak, Bidebarrieta liburutegiak eta Simone de Beauvoir talde feministaren laguntzarekin antolatu da.
«Cien años de lucha por los derechos de la mujer» izenburuarekin bataiatu duten ekitaldi hau, beraz, «Simone Beauvoir, una feminista» filmarekin abiatuko da, 2006an Delphine Camolli zinemagile frantsesak egindako pelikularekin, alegia. Eta Mariasun Landa idazlea eta Teresa Lopez Pardina, Filosofian doktorea eta Madrilgo Conplutense Unibertsitateko Ikerketa Feministen Institutuko kidea, izango dira ondorengo mahai inguruan parte hartuko dutenak, «Simone de Beauvoir: feminista, filosofo eta idazlea» gaia ardatz hartuta. Azken mende erdian emakumearen irudiak izan duen eraldaketan idazle frantsesaren eragina izango dute aztergai nagusi.
Simone de Beauvoir (1908-1986) «El segundo sexo» (1949) lanaren egilea da, besteak beste, feminismoaren sormenean zutabetzat hartua izan den lana eta emakumeak gizartean duen eginkizuna aztertzen duena. De Beauvoiren pentsamendua existentzialismoak markaturik dago eta, bere bikotekide Jean-Paul Sastrerekin batera, korronte honen defendatzaile erakusgarria da.